Bueltan da ‘Bastiñuixan’ egitasmoa

Berriketan 2023ko mar. 2a, 11:51

Euskararen erabilera handitzea helburu duen egitasmoak martxoan izango du jarraipena; lau saio egingo dituzte guztira.

Kaleetan eta parkean euskararen erabilera handitzea helburu duen Bastiñuixan egitasmoari martxoan emango diote jarraipena Debako Udalak eta Hezten aisialdi hezitzaile euskaltzalean lan egiten duen elkarteak. Udal iturriek zehaztu dutenez, martxoko lau astearteetan izango dira hitzorduak; martxoaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, alegia.

Aurrekoetan egindako modura, saioak zumardiko kioskoan (euria bada, Ifar kaleko ikastetxeko patioan) egingo dituzte. Parte hartzaileek, hain zuzen, jolasak burutuko dituzte Hezten taldeko jolas dinamizatzaileen laguntzarekin.

Oraingoan ere bi programa eskainiko dira egitasmoaren baitan, haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko eta jolas zein kantu berriak ikasteko aukera izan dezaten: Zabu Zibu (3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat) eta Txirrintxon (6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat). Zabu Zibu programako saioak 16:30etik 17:30era bitartean egingo dituzte. “Helburua da euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea eta, beraz, behar-beharrezkoa da haurrak gurasoren edo helduren batekin joatea eta jolastea”. Txirrintxon programako saioak, berriz, 17:30etik 18:30era egingo dira.