ELKARRIZKETA

Bitor Garitaonandia: “Munduko Txapelketarako sailkatu izana garaipen handi bat da niretzat”

Berriketan 2022ko abe. 26a, 09:26

Ume-umetatik duen pasioa lanbide bihurtu du Bitor Garitaonandia 20 urteko surflari debarrak. Denboraldia nola edo hala hasi bazuen ere, gogor saiatu eta bi titulu garrantzitsu irabazi ditu. Junior mailako Europako txapeldun izendatu ostean, urtarrilean Kalifornian jokatuko den Munduko Txapelketan onenen artean izango da.

Denboraldi bikaina burutu duzu. Espainiako txapeldun izendatu zaituzte maila absolutuan eta Europako txapeldun ere bai, junior mailan. Maila pertsonalean eta profesionalean, zer garrantzi daukate bi garaipen horiek?
Surflari bezala, nire ibilbideko emaitzarik garrantzitsuenak izan dira; nire buruari eta nire ingurukoei zer egiteko gai naizen erakutsi ahal izan diet. Pertsona bezala, nire lan egiteko eta nire izateko moduan konfiantza handia eman didate. Azkenean, horrelako garaipenak lan eta esfortzu handiaren ostean lortzen dira. Hain zuzen ere, esango nuke nire identitatea markatzen duten bi hitzak horiek direla: lana eta esfortzua.

Nola gogoratzen dituzu podiumaren gorenean bizitako une horiek?
Egia esan, podiumeko uneekin baino gehiago, bertara iristeko egin beharreko ibilbide guztiaz oroitzen naiz. Hartutako erabaki eta urrats guztiek hain helmuga politera ekarri nautela pentsatzea ederra iruditzen zait.

Espero al zenuen halako emaitza ikusgarriak lortzea?
Amets bat izaten ari da bide hau guztia. Urte hasieran norbaitek amaiera horrelakoa izango zela esan izan balit, ez nioke sinetsi ere egingo. Urtea ez nuen ondo hasi, zentzu guztietan. Maiatzean, ordea, hainbat erabaki eta aldaketa egin ondoren, guztiz aldatu ziren gauzak. Ordutik hona, guztia amets zoragarri bat izaten ari da, errealitate zoragarri bat.

“Hemendik aurrera datorren guztia opari bat da niretzat”

Europako txapeldun izendatu ondoren, gainera, junior mailako Munduko Txapelketan parte hartzeko txartela ere eskuratu duzu zuzenean. Zer asmorekin zoaz urtarrilean Kaliforniara? Urduri zaude?
Europako txapeldun izatea lortu badut, zergatik ez ote naiz munduko txapeldun izango? Ez diot presiorik ezarri nahi nire buruari, baina badakit zer egiteko gai naizen; hori lortzeko prestatuko naiz eta borrokatuko dut. Egia esan, oso lasai sentitzen naiz. Munduko Txapelketarako sailkatu izana garaipen handi bat da niretzat, unea gozatu eta dastatu nahi dut. Hemendik aurrera datorren guztia opari bat da niretzat.

Txapelketara begira, modu berezian prestatzen edo entrenatzen ari al zara?
Errutina ez dut gehiegi aldatu. Gehienbat, nire zoriontasuna lantzen dut, eta zenbat eta zoriontsuago izan eta sentitu, orduan eta hobeto burutuko dut nire lana. Hortaz, orain arte jarraitu dudan metodoa erabiltzen segi nahi dut. Zerbaitek on egiten badit, zergatik aldatu?

Nolako aurkariak izango dituzu Munduko Txapelketan?
Kontinente bakoitzeko bi surflari onenak eta beste hamar gonbidatu izango dira txapelketan. Maila oso altua egongo da eta erronka polita izango da nire burua bertan ikustea. Ni naiz nire areriorik gogorrena eta, nire buruari aurre egitea lortzen badut, munduko txapeldun sentituko naiz, titulua lortu ala ez.

“Ni naiz nire areriorik gogorrena eta, nire buruari aurre egitea lortzen badut, munduko txapeldun sentituko naiz, titulua lortu ala ez”

Junior mailan lehiatu zaren azken urtea ere izan da.
Datorren denboraldian Open mailan soilik lehiatuko naiz. Surfean, beste hainbat kiroletan bezala, Junior eta Open mailan aldi berean lehiatzeko aukera dago. Jada hiru urte daramatzat maila horretan, eta badakit zein den exijentzia maila. Nire burua sendo ikusten dut, eta denbora kontua izango da Open mailan ere gailurrera igotzea.

Denboraldi berria ere laster hasiko da. Zein da zure hurrengo erronka, edo zer amets bete nahiko zenuke?
Gaztea naiz eta, hortaz, amets asko ditut oraindik betetzeko. Nire ametsak nire altxorrak dira, eta horiek elkarrizketa batean aipatu ordez, nahiago nuke egia bilakatzea. Beraz, helburuak lortzen joan ahala, nire ametsak edo helburuak zeintzuk diren jakingo duzue.