Bihar iluntzean rock doinuek girotuko dute Gaztetxea

Berriketan 2022ko uzt. 22a, 13:11

Añube, John Dealer & The Coconuts eta The Clayton taldeek kontzertua eskainiko dute bihar Gaztetxean. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta sarrerak sei euroan eskuratu ahal izango dira bertan.

Gure Giro programazioaren baitan antolatutako hamaseigarren ekimena den honetan, rock doinuek hartuko dute Gaztetxea zuzeneko hiru emanaldirekin. Hona hemen talde bakoitzaren inguruko informazio apur bat:

Añube
Bergarako, Arrasateko eta Ataungo sei lagunek osatutako rock taldea da. Iaz batu eta taldearen aurkezpen diskoa aurtengo martxoan kaleratu dute. Doinu melodikoak, saxofoia eta koro-ahots indartsuak uztartzen dituzte euren kantetan.

John Dealer & The Coconuts
Rock and roll doinu klasikoak lantzen dituen laukote legazpiarra da. Taldearen ibilbidean iraupen luzeko hiru lan –John Dealer and The Coconuts (2016), We will get togheter in hell (2018), eta Red light stories (2021) – eta iraupen motzeko laugarren bat kaleratu dituzte –Snake charmer (2021) -. Ingelesez eta euskaraz dihardute euren abestietan.

The Clayton
Rock and rollaren baitako estilo ezberdinek janzten dituzte The Clayton taldearen zuzenekoak: bluesak, punk-rockak… Aramaioko boskote gazteak iazko ekainean kaleratu zuen bere lehen estudioko lana –Phoenix (2021) – eta zuzenean aurkeztuko du diskoa biharko emanaldian.