Beste bi sari eskuratu ditu Aitor Oñederraren ‘Ur azpian lore’ lanak

Berriketan 2022ko aza. 3a, 14:37
Arnedoko Octubre Corto eta Granadako Zuzendari Gazteen Jaialdian saritu dute lana. Goya sarietarako aurrez aukeratutako hautagaien zerrendan ere badago.

Aitor Oñederra ikus-entzunezko sortzaile eta ilustratzaile debarrak zuzendutako, ekoitzitako eta idatzitako animazioko film laburrak sariak eta izendapenak pilatzen jarraitzen du. Asteburuan, esaterako, Espainia mailako jaialdien zirkuituko bi sari jaso ditu Ur azpian lore lanak. “Asteburu indartsua izan da Ur azpian lore film laburrarentzat”, azpimarratu du egileak sare sozialetan.

Urriaren 20tik 29ra bitartean gauzatu den Arnedoko (Errioxa, Espainia) 24. Octubre Corto jaialdi entzutetsuan lortu du sarietako bat. Debarraren zinta fikziozko sailean nabarmendu da, eta sail ofizialeko Ofimar Saria eskuratuta, jaialdiko animaziozko film onena izendatu dute.

Jaialdiko epaimahaiak lanak bere gain hartzen duen “erronka formala” azpimarratu du saria ematerako orduan. “Pertsonaien mundu intimoa adierazteko sinbolismoz beteriko hizkuntza esplizitua erabilita heldu dio lanak fokutik kanpo izan ohi den emakume migratzaileen abortua moduko gatazkari”. Larunbatean (urriak 29) egin zen sari banaketa Arnedoko Cervantes antzokian, eta Oñederrak “oso eskertuta” jaso zuen 500 euroko eta Aborigen garaikurra.

“Bospasei urteko sortze lana izan da, eta orain arte egindako lanari errekonozimendua dira sari hauek guztiak”

Zintak, gainera, urriaren 25etik 30era gauzatu den Granadako 28. Zuzendari Gazteen Jaialdian banatu diren zortzi sarietako bat irabazi du. Zehazki, Epaimahai Gaztearen Saria eman zioten igandean (urriak 30) Granadako Isabel la Catolica antzokian egindako galan.

Lanak, guztira, bost sari lortu ditu orain arte. “Oso pozik gaude orain arte lortutako sariekin. Bospasei urteko sortze lana izan da, eta orain arte egindako lanari errekonozimendua dira sari hauek guztiak. Animazio lan bat egiteak zulo antzeko batean sartuta egotea eskatzen du. Zulo horretatik atera, eta jendeak zure lanarekin bat egitea eta lan horrekin adierazi nahi izan dudan guztia ulertzera eman dudala ikustea oso pozgarria da”.

Goya sarietarako bidean. Lanak, gainera, bestelako jauzia eman du. Espainiako Zine Akademiak 37. Goya sarietan lehiatzeko aurrez aukeratutako hautagaien zerrenda aurkeztu berri du, eta Oñederraren zinta film laburren batzordeak aukeratu dituen 35 lanen artean dago. Zehazki, lehen hautaketa horretan animaziozko kategorian lehiatzeko aukeratu dituzten hamar film laburren artean dago.

Espainiako Zine Akademiako kideek euren lanik gustukuena erabakitzeko bozka emateko aukera izango dute datozen asteetan, eta emaitzak jaso ostean emango dituzte 2023ko Goya Sarietarako finalisten izenak. Hautagaitza lortzeko “itxaropentsu eta pozik” dagoela esan du sortzaile debarrak.