Bere distira guztiarekin itzuliko da Euskal Jaia

Berriketan 2022ko ira. 20a, 09:57
Ekintzaz betetako bi egunetako egitarau osatua kaleratu du Debako Udalak. Herriko beste elkarte batzuekin batera antolatutako ekintza gehienak larunbatean (irailak 24) egingo dira, baina bezperan (irailak 23) ere zer gozatua egongo da.

Pandemia aurreko urteroko ekintzak eta beti-betiko izaera oinarri hartuta ospatuko dute aurten jaia. Ohi modura, herritarrak izango dira jaiaren protagonistak, eta antolatzaileek horiei guztiei baserritarrez janzteko deia luzatu diete.

Euskal Makarroi Lehiaketak emango dio hasiera aurtengo egitarauari. Ostiralean makarroiak prestatzen ibiliko diren haur eta gaztetxoak 17:00etan batuko dira Plaza Berrian. Iluntzean, berriz, Kalean Kantuzekoen txanda izango da.

Larunbat goizean, berriz, marmitako lehiaketa, herriko txistulariak, Zubietako joaldunak, euskal dantzak eta trikitilariak izango dira Debako kaleetan batuko direnen gozagarri. Jende gehien batuko duen ekintza, dudarik gabe, bazkari herrikoia izango da; Aldats pilotalekuan 600 lagun inguru batzea espero dute Zuhatza Euskara Elkarteko kideek.

Antolatzaileek jakinarazi dute boluntarioak behar dituztela herri bazkaria antolatzeko eginkizunetan esku bat botatzeko. Mahaien erreserba kudeaketarako, sukaldean laguntzeko, zozketako txartelak saltzeko, txosnan egoteko edota bestelako eginbeharretan laguntzeko hainbat txanda antolatu dituzte, eta txanda bakoitzerako bina edo launa pertsonako taldeak beharko direla aurreratu dute. Laguntzeko prest daudenei 688 840 308 telefono zenbakira deitzeko eskatu diete.

Eguneko azken proposamenak musikak zipriztinduta etorriko dira. Orkrestra Elektrotxaranga kalerik kale iluntzea girotzen ariko da, eta, 23:30ean hasita, Mugi Panderoa erromeria taldeak Foruen plazara gerturatzen direnak kantuan eta dantzan ipiniko ditu.

EGITARAUA:

  • Irailak 23, ostirala
    • 17:00. Kolore Anitzen eskutik, Euskal Makarroi Lehiaketa, Foruen plazan.
    • 19:30. Kalean Kantuz, kalerik kale.
  • Irailak 24, larunbata
    • 10:00. Marmitako Lehiaketa, Plaza Zaharrean.
    • 10:30. Kalez Kale txistulariak, herrian zehar.
    • 11:30. Zubietako joaldunak, kalerik kale.
    • 12:30. Gure Kai euskal dantza taldea eta Musika Eskolako dantzariak, Foruen plazan.
    • 13:30. Trikitilariak, herrian zehar.
    • 15:00. Zuhatzak antolatuta, bazkari herrikoia, Aldats pilotalekuan.
    • 19:00. Orkrestra Elektrotxaranga.
    • 23:30. Erromeria Mugi Panderoa taldearekin, Foruen plazan.