Benito Lertxundiren kontzerturako sarrerak agortu dira

Berriketan 2022ko aza. 17a, 13:11

Atzo arratsaldean saldu ziren Orioko musikariak abenduaren 2an Debako kiroldegian egingo duen emanaldirako azken sarrerak. 660 lagunentzako edukiera izango du hitzorduak.

Data esanguratsu batean etorriko da Benito Lertxundi Debara, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan eta Euskaraldia amaitutzat emango den egunean bertan, alegia. Kontzertua aurtengo Euskeraz Bagera zikloaren, Euskaraldiaren eta Zuhatza Euskara Elkartea sortu zeneko 25. urteurrenaren baitan antolatu da.

660 lagunentzako edukiera izango du kiroldegiko emanaldiak. Urriaren 27an jarri ziren salgai sarrerak eta guzti-guztiak saldu dira hiru asteotan; 200 bat sarrera Internet bidez saldu dira eta gainontzeko guztiak, berriz, zuzenean eskuratu dituzte herritarrek, Zuhatza elkartearen bulegoan.

Abenduaren 2ko kontzertua 22:00etan hasiko da eta 90 minutuko iraupena izango du; ateak 21:30ean zabalduko dituzte. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, eserlekuak (plastikozko aulkiak) ez daude aurrez esleituta eta, hortaz, gunera garaiz iristea gomendatu dute (sarrera iritsieraren hurrenkeran izango da). Berogailu sistema jarriko dutela ere aipatu dute.

Gunearen segurtasuna bermatzeko lanean jardungo duten boluntarioek peto laranjak eramango dituzte soinean, eta haien jarraibideak errespetatzeko eskatu dute antolakuntzako kideek.