ELKARRIZKETA

Benito Lertxundi: “Beti pentsatu izan dut kantagintzaren egia zuzenekoa dela”

Berriketan 2022ko abe. 1a, 09:00

Orioko Bardoak bihar, abenduaren 2an, Deban eskainiko duen kantaldi berezia aitzakia hartuta, Berriketan-ek musikaria elkarrizketatu du. Hainbat gai izan ditu ahotan: emanaldiari buruzko xehetasunak, euskarak bere ibilbidean izan duen garrantzia, aurrera begirako asmoak…

Lehenago ere abestu izan duzu Deban. Zer nolako harremana duzu herriarekin?
Egia esan, nire memorian oso urrun gogoratzen dut Deban kantatu nueneko azken aldia. Txarto ez baldin badut gogoratzen, behin edo bitan bakarrik abestu dut bertan.

Gustura jarduten duzu Debakoa moduko herri txikietan, ala nahiago duzu hiri edo herri handietan aritu?
Niretzat emanaldi guztiak dira garrantzitsuak; grin guztia jartzen dut kontzertu bakoitzean. Egia esan, eskaintzen ditudan kontzertuak ez ditut bata bestearengandik nabarmentzen. Gero askotan gertatzen da halako edo bestelako emanaldia zerbaitengatik berezia izatea, baina iruditzen zait tokiak ez duela aurrez zerikusirik horrekin guztiarekin.

Ospakizun handi baten bueltan etorriko zara, gainera. Zuhatza Euskara Elkartearen 25. urteurrena, Euskaraldiaren amaiera, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera… Halako ekintzak euskara indarberritzeko baliagarriak direla uste duzu?
Ez dut behin ere sinetsi urtean behin egiten diren ekimenekin euskara salbatuko denik. Hizkuntza guztien soluzioa politikoa dela iruditzen zait, eta inoiz ez folklorikoa. Beraz, eta galdera euskaraz bizi den bati egiten diozunez, esan behar dut euskara nire zerbitzura ekarri dudala, eta ez alderantziz. Auskalo nire kantuak zer izango ote ziren euskaraz izan ez balira, izango zirenik ere ez dakit.

Zure abestietako asko ere erreferente bihurtu dira. Zer sentitzen duzu zure kantek euskara ikasten laguntzen dutela jakitean? Eta nola hartzen duzu ardura hori?
Oso pozgarria egiten zait. Horrek guztiak hunkitzen nau, eta, gainera, fereka moduan hartzen dut.

“Auskalo nire kantuak zer izango ote ziren euskaraz izan ez balira, izango zirenik ere ez dakit”

Azkar esaten baldin bada ere, mende erdi baino gehiago daramazu oholtzaz oholtza. Zuzenekoek zer ematen dizute? Oraindik ere lehen kontzertuak besteko zirrara eragiten dizute?
Beti pentsatu izan dut kantagintzaren egia zuzenekoa dela, nahiz eta gero modu asko dauden musikarekin bizitzeko, eta horretaz guztiaz sortu daitezkeen hunkidurak eta abar. Baina nolabait egia esateko, kantu bat abestu eta entzuleak bizi-bizirik hartzen duen gertaera bakarra zuzenekoan ematen dela uste dut.

Zer eskatzen diozu zeure buruari kontzertu bat ontzat emateko?
Neu konforme geratzea.

Abenduaren 2an zer errepertorio entzuteko aukera izango du publikoak?
Azken aldi honetan gusturen eskaintzen dudan errepertorioa entzungo du.

Zure kanta enblematikoez gain, oraindik grabatu gabe dagoen piezaren bat entzuteko aukera egongo da?
Bai, halaxe da.

“Kantuan hasi nintzenerako munduan kantari eta kantu asko zegoen, eta nik nire nahiari, izaerari eta nire senari jarraitu izan diot beti. Horren ondorio dira nire kantuak ere”

Kontzertuetan gehien gozatzen duzun abesti bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Gaur egungo kontzertuetan azken-azkena kantatzen dudan abesti berri bat nabarmenduko nuke.

Musika estilo eta talde berrien gorakadarekin, nola egiten du zu moduko kantari batek nabarmentzeko? Zein da zure arrakastaren gakoa?
Naizenari jarraitzen diot eta jarraipen horretan bakoitzak bere sena jartzen du. Kantuan hasi nintzenerako munduan kantari eta kantu asko zegoen, eta nik nire nahiari, izaerari eta nire senari jarraitu izan diot beti. Horren ondorio dira nire kantuak ere.

Deigarria egiten zaizu kontzertuetan belaunaldi askotako jendea ikustea?
Bai. Lehen aldiz aspaldi Donibane Garazin eskaini nuen kontzertu batean konturatu nintzen hiru belaunaldi zeudela nire aurrean. Kantagintzan ia hirurogei urte baldin badaramatzat, hori neurri batean belaunaldi berriak etorri direlako da; bestela, lanbide hau aspaldi utzita izango nintzen.

Kontzertuetan, gainera, aretoak betetzen jarraitzen duzu. Horrek zer nolako sentimenduak eragiten dizkizu?
Zorte handikoa sentitzen naiz, benetan, egiten dudanak ere zerikusia izango duela uste dut.

Beti sortzen ari den musikari bat zara. Zure musika ibilbide oparoan 18 disko argitaratu dituzu. Musikalki zer momentutan zaude orain? Beste proiekturen bat ba al duzu esku artean?
Bizpahiru kantu berri badauzkat eginak, eta ez diot ezerri atea ixten. Kantu horietako batean diodan bezala, unez une bizi naiz.

Benito Lertxundirekin batera agertokian ariko diren musikariak:
*Pianoa eta sintetizadoreak: Imanol Iribarren
*Bateria: Ander Zulaika
*Baxua eta kontrabaxua: Amaiur Cajaraville
*Gitarra: Gurutz Bikuña
*Gitarra, bouzukia eta perkusioa: Angel Unzu
*Arrabita eta nyckelharpa: Xabier Zeberio
*Txeloa eta eskusoinua: Pello Ramirez
*Ahotsa: Intza Unanue
*Ahotsa, harpa eta teklatua: Olatz Zugasti