Bederatzi emanaldiz osatutako jaialdia antolatu du Debarock Kolektiboak

Berriketan 2022ko ira. 16a, 09:00

Herriko hainbat musika taldek zuzeneko emanaldia eskainiko dute larunbatean (irailak 17), Debarock Kolektiboak antolatutako festibalean. Plaza Zaharrean, kaleetan zehar eta zumardiko karpan izango dira kontzertuak.

Bueltak Amari taldearen emanaldiak emango dio hasiera larunbateko festibalari, 13:00etan, Plaza Zaharrean eta leku berean arituko da gero Ni eta biok bakarlaria, Martina eta Itsasok azken orduan utzitako hutsunea betetzen.

Gainontzeko kontzertuak iluntzean izango dira. Debatrik-eko kideak kalez kale ibiliko dira 19:00etatik aurrera eta ordubete beranduago zumardiko karpan izango du jarraipena jaialdiak. Bertan, Beti Txarrak, Retrallika, Marlon Blando, Deskonozido&Niko, Dawanada eta Farola Sound-en zuzenekoak izango dira aukeran.

Kontzertu guztiak doakoak izango dira eta zumardiko karpan edariak erosteko barra egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.