“Publiko osoari” zuzendutako askotariko jarduerak egingo dira GOAZ antzerki taldeak azaroaren 3tik 12ra bitartean antolatu duen bigarren festibalaren baitan. Formakuntza, antzerkia, ikuskizunak eta musika emanaldiak izango dira aukeran. Antolatzaileek “Debako herritar guztiak eta Euskal Herriko antzerkizaleak” gonbidatu dituzte jaialdiaren baitan antolatutako ekintzetara.
Tailerrean izena emateko edo emanaldietarako sarrerak erosteko bi aukera daude: turismo bulegoan edo Internet bidez (labur.eus/fokupean estekaren bitartez). Hona hemen egitaraua:
- Azaroak 3 (ostirala), 18:00etan, jubilatuen egoitzan. EHAZE Antzerkizale Elkartearen eskutik, Ikusle Kluba formakuntza saioa.
Festibalari hasiera emateko, antzerkigintzaren hurbilpen teoriko bati ekin nahi zaio. Ikusleen perspektiba landu nahi da, antzerkira hurbiltzen diren ikusleei pieza ezberdinen aurrean kritikoak izateko tresnak emanez. Ikusle Kluba arte eszenikoak interpretatzeko dinamika berritzaile bat da. Parte hartzeko ez da ezer berezirik behar eta herritar guztiei irekia egongo da, emakume zein gizon. Hala ere, antzerkigintza genero perspektibatik landuko da formakuntza honetan.
- Azaroak 4-5 (larunbata-igandea), 10:00etan, Ispiluen gelan. Dejabu-ren eskutik, Orbanak-Festa bat formakuntza saioa.
Sei orduko ikastaro honetan, antzerkiaren bitartez emakumeok gure gorputzarekin daukagun harremana arakatuko dugu eta abiapuntu bezala erabiliko dugu sorkuntza txiki bat egiteko. Japoniako Kintsugi teknikan bezala, gure pitzatutako zatiak urrez lotzen saiatuko gara. Emakumeon orbanak bilatu eta omenduko ditugu mugimendu eta irudien bitartez. Taldean partekatuko ditugu eta, denen ahots eta gorputzen bidez, gorputz disidenteen festa/aldarria sortuko dugu. Gure orbanak ikusi, ulertu eta laztanduko ditugu haiekin festa bat egitea bilatuz.
- Azaroak 4 (larunbata), 19:00etan, jubilatuen egoitzan. Pez Limbo-ren Daisy Crazy antzerkia.
Lotsagabeak, erantzunkorrak, iragarleak, xurgatzaileak, goriak, argiak, distiratsuak, gaizki-esaleak… Eta batez ere kontrako korronte bi. Horrelakoak dira bitxilore hauek, Daisy Crazy dira. Arauak betetzeaz potrotaraino dauden bi emakume. Gurekin jolasteko gogoz?
- Azaroak 5 (igandea), 12:30ean, jubilatuen egoitzan. Maren Basterretxea Iribarren Igaro ikuskizuna.
Emakume batek kutxa handi bati tiraka lapurtzen du espazio hutsa. Zerk du hainbesteko pisua? Noizbait zerbaiten parte izan ziren objektuek, gaur ezerezean utziak daudenek. Bada kutxa berriro zabaldu eta amets hautsien dantza ospatzeko garaia, zamak baztertu eta arrastaka daramagun kutxak arnas eman diezagun uzteko unea.
- Azaroak 5 (igandea), Igaro ikuskizunaren ondoren, jubilatuen egoitzan. Laura Penagos Rodriguezen Putaren bakarrizketa eroetxean antzerkia.
Zer du bizitzaz esateko aulki batean eserita, buruan kasko bat jantzita eta kablez inguratuta dagoen emakume batek? Emakume bat eroetxe bateko gela batean dago, bakarrik, aulki batean eserita eta kablez inguratuta, ikusten ez dugun doktore batekin hizketan. Emakumea prostituta da eta elkarrizketan bere istorioa azalduko du. Horrela, hainbat gai azaleratuko dira, sexualitatea, bortizkeria, klasismoa eta feminismoa, esate baterako.
- Azaroak 10 (ostirala), 19:00etan, jubilatuen egoitzan. Arta kolektiboaren Sehaska-kanta gorriari antzerkia.
Erditu, erdibitu, bitan banatu, banandu… Badago benetako erditzerik? Nola garatzen da zeure burua sostengatzeko gaitasuna? Eta beste bat sostengatzekoa? Nola jakiten da ama izan nahi duzun edo ez? Nire alabari egin diezaiokedan okerrena bere ama izatea bada? Ama-alaba harremanean, ahizpa arteko harremanean, eromenean, norbere buruaren barnean gertatzen den bidaia batean murgiltzen gara antzezlan honetan. Diziplina anitzeko obra baten bidez, Alaine Agirreren lengoaia poetikoa, edertasuna, mina, sakontasuna eta begirada eszenatokira ekartzen ditugu, mutazio kontrolaezina akziora eramanez, geure burua erdituko dugulakoan, edo agian ez.
- Azaroak 11 (larunbata), 19:00etan, jubilatuen egoitzan. Debako emakume aktoreen Lotura basatiak ikuskizuna.
Poesia, bideoa, antzerkia… uztartzen dituen Lotura basatiak izenburuko euskarazko performancea estreinatuko dute festibalaren baitan. Debako bost emakume izango dira agertokian. “Bi kate; biak ebaki beharrekoak. Bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”, dio antzezlanaren sinopsiak.
- Azaroak 11 (larunbata), Lotura basatiak ikuskizunaren ondoren. Debako emakume koruaren Fokupean kantuan musika emanaldia kalez kale.
Herriko 60 bat emakumek osatutako abesbatza kalez kale ariko da euskal kantak abestuz, Amaia Zinkunegiren zuzendaritzapean. Uztailean batu zen taldea, Iturri Ondoan egitasmoaren bueltan, eta bidean adin ezberdineko jende gehiago batu zaie, azaroko emanaldia prestatze aldera. Hainbat entsegu egin ondoren, zazpi abestiz osatutako errepertorioa eskainiko dute.
- Azaroak 12 (igandea), 12:30ean, jubilatuen egoitzan. Jone Bengoaren Kabia antzerkia.
Nola aldatu da bizitza azken 60 urteetan? Iragan hurbila urrundu egin al zaigu? Inguruko emakumeen ahotsak entzungo bagenitu, zer kontatuko lukete? Vitoria-Gasteiz helmuga bezala izan zuten emakume ezberdinen ibilbideak deseginez, gure iragan hurbilera bidaiatzen du pieza honek. Kabi bat inguruko materialekin eraikia den bezala, istorio hau bizi-esperientzia ezberdinez osatua dago. Bidaia anitzen amaiera da Kabia, ahots ezberdinen etxea. Emakume ezberdinei egindako elkarrizketak abiapuntutzat hartuta, euren bizipenak eta momentuko testuingurua barnebiltzen ditu antzezlan honek, urteetan zehar eremu pribatuan mantendu diren istorioak kontatzeko asmoz.