Basoko hegazti gautarrak entzuteko txangoa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak

Berriketan 2023ko mai. 8a, 09:00

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzarekin, hegazti gautarrak ikertzeko teknikak ezagutu eta erabiliko dituzte hitzorduan parte hartzen dutenek. Maiatzaren 12an izango da irteera.

Ostiralerako, maiatzaren 12rako, dago jarrita hitzordua; 20:30ean emango zaio hasiera txangoari, Debako Simon Berasaluze plazatik abiatuta. Adituen azalpenak eta txangoan kontuan hartu beharreko gomendioak entzun ondoren, bi ordu inguruko ibilbidea egingo dute partaideek, herritik gehiegi urrundu gabe. “Hori bai, bide estuetan ibiliko gara eta ilunpetan zeharkatuko ditugu; beraz, zapata eta arropa egokiak eraman beharko dira, eta bidea argiztatzeko eskuko edo kopetako linterna bat ere bai”, ohartarazi dute antolatzaileek. Irteera doakoa da eta azalpenak euskaraz emango dira.

Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena lotura honetan, Debako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 19 24 52 telefono zenbakian (10:00etatik14:00etara, astelehenetik ostiralera), plazak mugatuak dira eta.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko kideek nabarmendu dutenez, zale asko erakartzen dituzte hegaztiek. “Haien edertasun soila, beren aniztasun handia, lurreko ia habitat guztietan aurkitu ahal izatea, eta, zalantzarik gabe, leku zabaletan, landazabaletan, aintziretan edo paduretan ikusteko erraztasunak bihurtzen ditu hain preziatu. Alabaina, behatzea ez da hain erraza baso trinkoetan, harkaitzetan edo animalia askoren babesleku den gauaren iluntasunean”.

Hortaz, toki helezin horietan hegaztiak aztertzeko zeharkako teknikak erabili behar dira nahitaez. Horietako bat arrastoak bilatzea da, oinatzak edo gorotzak, esaterako, eta, beste batzuetan, berriz, belarria zorroztu behar da, haien lurraldea inbaditu gabe identifikatu ahal izateko. Eta azken hori da, hain justu, maiatzaren 12rako antolatu duten txangoaren helburua.

Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntzarekin, partaideek hegazti gautarrak ikertzeko teknikak ezagutu eta erabiliko dituzte ibilaldian. “Eta, zortea lagun badugu —gaineratu dute antolatzaileek—, gure etxetik oso gertu (baina ezkutuan) bizi diren hegaztiak ere entzungo ditugu”.