ELKARRIZKETA

Baroja Collet: “Arte Eskolarik gabe ezingo nukeen nire eskultura-lana burutu, ezta grabatuan sakondu ere”

Berriketan 2021ko aza. 6a, 11:49

1957an Le Creusoten (Frantzia) jaiotako Jose Luis Baroja Collet artistaren lana ikusgai dago Gipuzkoan, Madrilen, Eivissan… Orain, Bertatik Bertara lana dakarkigu Lukax Dorronsororekin (testugilea) elkarlanean; grabatuak testuan arnasten denari gerturatzen zaizkio. Artisau erara sortutako liburua da, grabatu- eta estanpazio-teknikez eta serigrafo eta koadernatzaile banaren parte-hartzeaz egina. 18 aleko edizio laburrekoa da liburu berezi hau, “abentura hauek merkaturaezinak dira eta”.

Zarauzko Ispilu Arten ikusgai izan duzu Bertatik Bertara erakusketa. Zer aurkeztu duzu bertan?
Zarautzen liburua zabalik eta markoetan egon da, osotasunaren ikuspegia izateko. Desagertutako Debako Arte Eskolari eskainitako eskultura handi bat ere aurkeztu dut, eta beste ertain bat. Bestalde, brontzean galdatutako formatu txikiko eskulturak ere bazeuden, dena collage eta grabatuz lagundurik. Erakusketan nire praktika artistikoa garatzen den unibertsoaren zati handi bat egon da presente.

1979an grabatua ikasi zenuenetik alor horretan barneratu zara gehien, nahiz eta eskultura, collageak eta beste teknika batzuk ere landu. Zer ematen dizu teknika horrek?
Teknikek beren nortasun propioa dute eta ondo ezagutu behar dira. 1979an grabatu kalkografikoa ikasi nuen Mari Puri Herrero eta Gabriel Ramos Urangarekin, herrialde honetako grabatugile handienetako bi. Nire artisau-prestakuntza zela eta oso ondo moldatu nintzen teknika horretan; garai hartan damaskinatugintzan aritzen nintzen.

Grabatuak metalezko plantxa edo matrize batean lan egitea ahalbidetzen dizu, eta gero hura paperean inprima dezakezu. Horrek zure lana hainbat aldiz inprimatu ahal izatea eta irudia biderkatzea dakar. Emaitza diren estanpak zuzenean matrizetik datozen lan originalak dira, ez kopiak, eta eskuragarri merkaturatzeko aukera ematen dizu horrek.
Beti garatu izan dut nire lana teknika tradizionalekin, lan-espazio horretatik oraindik gauza interesgarriak eman daitezkeela uste baitut.

1978. urtetik bakarkako 30 bat erakusketa egin dituzu, ehun erakusketa kolektibo baino gehiagotan hartu duzu parte, zure lana museo ugaritan dago ikusgai. Dena ez zen lautada izango…
Artista plastiko izatea sekula amaitzen ez den maratoia da. Euskal Herritik kanpo, eta nire belaunaldiko eskulturaz ari naiz, “Euskal eskultura” deitua soilik ezagutzen da, Oteiza osteko eskultura ardatz duena; ni beste eskultore batzuekin “Beste euskal eskultura” deitzen dudanaren parte naiz.
Bizi dugun testuinguruan artearen profesional izateak ezinezko dirudi. Frantzian, Alemanian, Ingalaterran, Italian… karrera ertaineko artistak beren lanetik bizi daitezke, beste kultura bat dagoelako, eta produkzio artistikoaren zati bat bereganatzen duen merkatu pribatu bat ere badagoelako. Praktika artistikoan lan egiten duten belaunaldi berriek espazio eta irudien ikuskeran, antolaketan eta harreran aldaketa egin dute, eta horrek dakar lanok merkaturatzeko are zailagoak izatea, eta, beraz, diru publikoari esker bizirauten duten artista ofizial bilakatzen ari dira (obren eroste, beka, egoitza, ikastaro, erakusketen muntaketa, komisariotza…).

Zure curriculumean sari ugari aurki genitzake. Baten bat zuretzat esanahi berezikoa? Zergatik?
Enkargu publiko bakarra jaso dut, 2000. urtean Eibarko Udalak eginikoa: Txantxa Zelaiko parkerako eskultura bat. Erronka handia izan zen; horma baten kontra egin beharrekoa zelako, Eibarren zelako, eta, sistema sustraktore baten bidez sortu dudan eskultura bakarra delako. Begiraden gurutzaketa du izenburu eta, nire ustez, egun erabat integratua dago bertan.
Horrez gain, 2017an Antón Piñelen gonbidapenari esker, Lanzaroten eginiko eskultura bat ere nabarmenduko nuke. Begirada altua du izena eta esperientzia eskultoriko ederra izan da.

Debako Arte Eskolan 1983tik kalkografiazko grabatuaren ikasgelako arduradun. Esan izan duzu hura gabe zure ibilbide pertsonal eta artistikoa oso bestelakoa izango zatekeela.
Jakina! Une hartan pinturan jarduten nintzen, grabatuan esperientziarik gabeko hasiberria nintzen. Asko ikasi nuen Ignacio Chillidari esker, irakasle laguntzaile modura aritzen baitzen. 1987an hasi nintzen eskulturarekin eskolaren instalazioak aprobetxatuz, eta ez nintzen gelditu hura itxi arte. Segur aski Arte Eskolarik gabe ezingo nukeen nire eskultura-lana burutu, ezta grabatua garatzen sakondu ere. Arte Eskolako grabatu-irakasle izateari esker 400 grabatu baino gehiago egin ditut eta milaka estanpatu.

2004ko Kezkak erakusketaz zenioen helburu zenuela “irudiak iradokitzea, ikusleak bere kabuz osatu behar dituenak”…
Tolosako Aranburu jauregian egindako erakusketa garrantzitsu bat izan zen. Kezkak zen lanaren definiziorik leialena; beti pentsatu izan dut lanek beren burua azaldu behar dutela, laguntzarik gabe. Artean asko erabiltzen da Jean-Luc Godard-en aipu hau: “Ez zait interesatzen zerbait zehatza esatea, interesatzen zaidana norbaitekin konektatzea da”. Norbaitekin konektatzen duzunean ixten da benetan egile-obra-ikusle hirukia; gehienetan ikuslea da, bere emozio eta kultur ondarearekin, obra osatzen duena.

Beltza du kolore gako zure obrak; kritikarien esanetan, kezka metafisikoa sorrarazten duzu eta zure lanek Tapies eta Chillida gogorarazten dituzte.
Bai, beltza da nire kolorea. Urte askoan zehar, nire prestakuntza eta damaskinatzaile lanen aldian, beltzak berebiziko garrantzia izan zuen, urre eta zilarrean egindako lanak ikusgarri egiteko hondoa eskaintzen baitzuen. Beltzak garrantzitsu izaten jarraitu zuen nire pinturaren garapenean, testura eta erliebeekin batera. Eskulturarekin, gehien erabili dudan materiala burdina beltza izan da. Hala ere, metal horrek sortzen duen herdoilak altzairu herdoilezinarekin lan egitera mugiarazi nau.

Jaio nintzenean, Oteiza, Tapies eta Chillida garaiko Europako plastikaren berritzaileak ziren; orain, hiru artistak desagertu direnean, kultur mundua eragiten jarraitzen dute beren lanekin. Gainazaleko irakurketa batean, baliteke nire grabatuek Chillida gogoraraztea, hark erabiltzen zituen oinarrizko grabatu-teknika berberak erabiltzen ditudalako. Chillidaren obran pixka bat sakontzen badugu, ordea, laster ohartuko gara “espazioaren poetika”z mintzatzen zaigula; nire lanak gehiago du ardatz “formen poetika”.

'Bertatik Bertara' liburuan aurki daitekeen lanaren lagin bat.