Baratze publikoetan sail bat eskuratzeko deialdia egin du Itziarko Auzo Udalak

Berriketan 2023ko urt. 19a, 19:57
Aisialdirako hamar baratze sail daude aukeran, herritarren erabilerarako. Eskaerak egiteko azken eguna urtarrilak 30 da.

Apaizetxea eraikinaren ondoko baratzeak herritarrei eskaintzea erabaki du Itziarko Auzo Udalak. Auzo udaleko iturriek azaldu dutenez, Apaizetxearekin batera eraikinari lotutako lursailak errentan hartu zituen iaz erakundeak. Lehendik ere zenbait herritarrek baratze zatiak ustiatzen zituzten bertan, baina lursailak izaera publikoa bereganatu duenez, partzela erabiltzeko aukera herritarrei zabaltzea erabaki dute orain. Zehaztu dutenez, 600 bat metro koadroko baratzea egokitu dute bertan, eta egungo baldintzen arabera antolatu dute jarduera berriari ekiteko.

“Aisiarako baratzeak behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoak diren zerbitzu orokorrak eta premiak xedatu ditu auzo udalak, kontratatutako alorreko enpresa baten gidaritzapean”. Behin lursaila birmoldatuta, eta oinarrizko hornikuntzez gain, hamar baratze sail eratzea lortu dute. “Baratze publiko hauetako erabiltzaileek instalazio partekatuak izango dituzte eskura. Hala nola, lanabesen biltegia, ureztatzeko ur puntua, konpost gunea eta mahai gune bat, aisialdi erabilerarako”.

Jakitera eman dutenez, izendatutako herritarrentzat doakoa izango da baratzearen erabilera eta ustiaketa. “Ordainetan, baratzezaintzari lotuta antolatu daitezkeen gizarte ekintzetan laguntzea eskatuko zaie: hala nola, eskolako baratzeen kudeaketan inplikatuz, ikasleei aholkuak emanez, edota ikastaro, erakusketa eta antzeko zabalkundean parte hartuz”.

Baratze sail bakoitza urtebeterako emango dela esan dute, hiru urtera arte luzatzeko moduarekin

Baratze publikoen esleipen prozeduran parte hartzeko interesa daukatenek Itziarko harrera bulegoan (Mutxiarte Kalea, 8) aurkeztu beharko dituzte eskaerak, nortasun agiriaren ziurtagiriaren kopia batekin batera; horretarako azken eguna urtarrilaren 30a da. Bulegoa lanegunetan 10:00etatik 15:00etara dagoela zabalik gogora ekarri dute. Informazio gehiagorako 943 19 92 55 telefono zenbakira edo info@itziar.eus posta elektronikora ere idatzi dezakete interesatuek.

Baratze sail bakoitza urtebeterako emango dela esan dute, hiru urtera arte luzatzeko moduarekin. Honakoak dira eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

  • 18 urte beteta izatea eta Itziarko Auzo Udalaren barrutian erroldatuta egotea.
  • Udalarekiko zerga-betebeharrak eta bestelakoak ordainduta izatea.  
  • Beste baratza baten erabiltzaile den bizikidetza unitate kide ez izatea.

Eskaerak aurkeztu eta egitazpenak egin ostean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko dela iragarri dute. “Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte erreklamazioak jartzeko”. Behin epea amaituta, partzelen esleipena egingo dute zozketa bidez auzo udal ordezkarien aurrean.