Baionara irteera antolatu du Arrano Elkarteak

Berriketan 2023ko ots. 23a, 11:03
Irteerara joateko txartelak Labatain eta Arkatzan eskuratu daitezke.

Debako Arrano Elkartea 40. urteurrena ospatzeko ekintzetan murgilduta dabil, eta egingo dituzten ekintzen artean Baionara irteera egingo dutela iragarri dute. Lapurdiko hiriburua ezagutzeko txangoa martxoaren 4an egingo dute. Lehendabizi, bisita gidatua egingo dute. Besteak beste, azoka, museoa eta Baiona ttipia bisitatuko dituzte, eta herriak eskaintzen duena ikusi ondoren, Biltxoko elkartean bazkalduko dute. Irteerara joateko autobusa ere egongo da: 09:00etan irtengo du autobus geltokitik eta 19:00etan aterako da Baionatik.

Bertara joateko txartelak eskuratu beharko direla gogora ekarri dute. Txartelak Labatain eta Arkatzan daude salgai 25 euroren truke, eta prezio horren barruan garraioa eta bazkaria sartzen direla esan dute. Txartelak erosteko azken eguna asteartea (otsailak 28) da, eta zehaztu dutenez, txartel gutxi batzuk geratzen dira; %95a salduta dago, hortaz, bertara joateko interesa dutenei “azkar” ibiltzeko gomendioa egin diete antolatzaileek.