Azaroaren 4ko bertso saiorako sarrerak aurrez erosteko aukera izango da

Berriketan 2022ko urr. 26a, 10:47
Maialen Akizu, Uxue Alberdi, Aitor Bizkarra eta Andoni Egañaren bertso saiorako sarrerak salgai izango dira urriaren 27an, ostegunean, Kultur Elkarteko liburutegian, 18:00etatik 20:00etara. Txartel guztiak agortzen ez badira, emanaldiaren egunean bertan ere erosi ahalko dira, hiru euroan.

Kultur Elkarteak eta Debako Udalak elkarlanean antolatutako KulturEkin egitasmoaren baitan egingo da azaroaren 4ko bertso saioa, eta Euskaralditik ere bertaratzeko deia egin dute. Emanaldia 20:00etan izango da, Kultur Elkartean, eta lau bertsolariekin batera Manex Astigarraga ere izango da oholtzan, gai-jartzaile lanetan. Aurreikuspenen arabera, ordubete inguruko saioa izango da.

KulturEkin programazioko aurtengo azken-aurreko ekimena izango dela azaldu dute antolatzaileek. Azken hitzordua abenduaren 28an egingo da; Alazne Etxeberriaren Mujer vasca soltera busca… bakarrizketaz gozatzeko aukera izango da Kultur Elkartean. Gaztelaniaz egingo da saioa eta 16 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da.