Aurrera darrai Kolorez Blai euskal udalekuetan parte hartzeko izen-emateak

Berriketan 2022ko mai. 10a, 13:27

Joan den astean abiatu eta datorren ostiralera arte zabalik egongo da aurtengo euskal udaleku irekietan izena emateko epea. Bi txanda izango dira aurten ere Zuhatza elkarteko Kolore Anitz aisialdi taldeak kudeatutako egitasmoan: lehenbizikoa uztailaren 4tik 15era bitartean egingo da, HH5 (2016) eta LH1-2 (2015-2014) mailetan dabiltzan haurrei zuzenduta; bigarrena, berriz, uztailaren 18tik 29ra izango da, LH3-4-5-6koei bideratuta.

Izena emateko bide ezberdinak daude. Nahi dutenek presentzialki egin dezakete, Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan bertan: gaur arratsaldean (17:30etik 19:00etara), edo bihar, etzi eta ostiralean goizez (10:00etatik 12:00etara). Nahiago izanez gero, online ere egin daiteke matrikulazioa, ondorengo esteka baliatuta: labur.eus/kolorezblai2022.

Hasiera batean zabaldutako deialdian, ez zen transferentzia egiteko zenbaki zuzena eman. Hori hala, akatsak sortutako eragozpenengatik barkamena eskatzearekin batera, antolatzaileek jakinarazi dute hauxe dela kontu korronte zuzena: 2095 5034 61 9116008921 (Kutxabank). Izen-emate formularioa betetzeaz gain, banketxean ordainketa egin izanaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da. Hori ere Zuhatzaren bulegoan aurkeztu daiteke paperean, edo koloreanitz@gmail.com korreora bidalita bestela.