Astelehenean hasiko dira Artzabal auzoan espaloia egiteko lanak

Berriketan 2022ko ira. 23a, 13:37

Artzabal auzoko 1 eta 13 zenbakien artean eraikiko da espaloia, herritarren “aspaldiko eskaerari” erantzunez. Lanak hilabete eta erdian egitea aurreikusten da.

Oinezkoentzako bideak 200 metro inguruko luzera izango du, eta gaur egun Gaztetxea eta Artzabal auzoa batzen dituen pasealekua hilerri berriko ingurunearekin eta Errotazar futbol zelaiarekin lotuko ditu. Udal iturrien iritziz, espaloiak “erraztu egingo du oinezkoek bidea erabiltzea, horien segurtasuna handituz”.

Zirkulazioan eragina izango dute lanek. Horiek burutu bitartean, N-634 errepideko bideetako bat egongo da bakarrik erabilgarri; hori dela eta, zirkulazioa semaforo bidez zuzenduko da. Gaineratu dute Danobateko aparkalekuko sarrera-irteera libre utziko dutela; inguru horretako espaloi zatia eraikitzen ari diren tartean itxiko dute bakarrik. “Aparkalekua noiz itxiko den aurrez jakinaraziko du udalak”. Lanak egiten ari diren bitartean oinezkoentzat ere pasabidea bermatuta egongo da.

Zabalera aldakorreko espaloia egingo dute. Azaldutakoaren arabera, 1,24 metroko gutxieneko zabalera proiektatu dute. Espaloiari lekua egiteko, errepidea estutuko dute; bide bakoitzak 3 metroko zabalera izango du. Oinezkoen bidea galtzadaren maila berean egingo dute; hau da, ez da koxkarik egongo, eta bien arteko banaketa egiteko kautxuzko baliza eta bereizgailu islatzaileak jarriko dituzte espaloi osoan zehar. Lanak, gainera, argiteria eta euri uren sarea berritzeko baliatuko dituzte.

Obra Asfaltados y Construccions Morga S.L. enpresari esleitu diote, eta 185.239,20 euroko (BEZ bazne) aurrekontua du; Debako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako hitzarmen bati esker finantzatuko dira lanak. Aldundiak, zehazki, errepidean egingo den lana finantzatuko du; 114.586,71 euro (BEZ barne) finantzatuko ditu gehienez. Udalak, berriz, espaloiari dagokion kopurua hartuko du bere gain.