Asteburuan egitekoak ziren hainbat ekintza bertan behera eguraldi-iragarpen eskasengatik

Berriketan 2021ko abe. 10a, 11:53

Asteburu honetarako Euskeraz Bagera egitarauaren bueltan aurreikusitako lau ekintza bertan behera geratu dira, halabeharrez. Antolatzaileek azaldu dutenez, dena den, “ziurrenik ekimen guztiak egingo dira aurrerako, egoerak ahalbidetzen duenean”.

Arrazoi ezberdinak egon dira tartean, baina antolatzaileek gehienbat eguraldi-iragarpen eskasak izan dituzte kontuan astebururako hainbat ekintza bertan behera lagatzeko orduan. Hauek dira gaur-gaurkoz egitarautik “erori” diren hitzorduak: KulturEkin programaren baitan antolatutako Xahu taldearen jazz kontzertua, MintzaCapoeira familian, MintzaSurf saioa eta Errota Zarren Amaikak Baten partidetan jokatu behar zituzten “Euskararen aldeko golak”.

Bestalde, Gaztelekuko kideek abenduaren 8ra atzeratu zuten hasiera batean hilaren 4rako aurreikusita zegoen Euskaraokea eta, beste behin ere, euskaraz kantuan aritzeko aukera izan zuten gazteek hitzorduan.

Euskeraz Bagera programaren baitan antolatutako hurrengo saioa igandean izango da, ipuin kontaketa herrikoia egingo baita, eguerdian, Kultur Elkartean.