Asteasu, Astigarraga eta Hernani gehituta ekingo dio Uemak urte berriari

Berriketan 2022ko abe. 21a, 10:48
Mankomunitateko kideek larunbatean (abenduak 17) Debako Luzaro ikastetxean egindako batzar nagusian aho batez onartu zuten hiru udalerriak taldera batzea. Herri horiek gehituta, 97 udalerrik osatzen dute Uema.

Uemak aurten Deban egin du batzar nagusia. Larunbateko (abenduak 17) bilkuran, besteak beste, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu zituzten. Modu horretara, hiru herri gehiago dira Uemako kide: Asteasu, Hernani eta Astigarraga. Gaur gaurkoz, 97 udalek osatzen dute mankomunitatea, eta guztien artean 300.000 biztanleko langa gainditu dute. Zehazki, 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute kide diren herriek.

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak adierazi du “oso pozgarria” dela mankomunitatera beste hiru kide batu izana, eta baita haien sarrera aho batez onartu izana ere. Hala ere, batu izanean baino gehiago, horra iristeko modua azpimarratu nahi izan du: “Prozedura eta egiteko modua poztekoa da, adostasun oso zabalarekin iritsi baitira honaino”. Mankomunitatea hedatu izana proiektua eta “euskararen lurgunea” sendotzeko urratsak direla azaldu du, eta, hala, hartutako bidea “egonkortzea” eta “indartzea” jo ditu aurrera begirako helburutzat.

Honako ikerketak nabarmendu zituzten: gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen bilakaera soziolinguistikoa edota udalerri euskaldunetako haurrak ikerketa proiektua, haurrek gaztelerara geroz eta lehenago jotzeko faktoreak identifikatuz.

Era berean, amaitzear den urteko balantzea aztertu, datorren urteko egitasmo nagusiak onartu eta mankomunitatearen ohiko jarduneko kontuez ere eztabaidatu zuten batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. 2022ko balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu zituzten. Besteak beste, Arnasa Gara kanpainaren harira aurten egin den Arnasetik bideo-sormen lehiaketa nabarmendu zuten, “arnasguneen garrantzia jendarteratzeko” urrats modura.

Horrez gain, Salto udalekuek izandako harrera “ederra” eta “herritarren kontzientziazioan sakontzeko” urratsak ere azpimarratu zituzten. Proiektu horiez gain, Uemak azken urtean egindako ikerketak ere aztertu zituzten. Bereziki, honakoak nabarmendu zituzten: gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen bilakaera soziolinguistikoa edota udalerri euskaldunetako haurrak ikerketa proiektua, haurrek gaztelerara geroz eta lehenago jotzeko faktoreak identifikatuz.

2023ko egitasmoen artean, berriz, euskara eta kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibiatik beste herri batzuetara zabaltzea, ELE gidaliburua, udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzea eta UEMA sendotzea, jardunaldiak eta agintaldi aldaketaren harira udal eta hautetsi berrien ahalduntzea aipatu zituzten, egitasmoan bildutako ohiko beste hamaika konturen artean, beti ere udalerrien eta udalen erabateko euskalduntzean eragiteko.