Asteartean zabalduko dute Euskal Jaiko bazkari herrikoirako txartel salmenta

Berriketan 2022ko ira. 12a, 13:11

Pandemia aurreko formatua berreskuratuta ospatuko da aurtengo Euskal Jaia. Bazkari herrikoia, ohi modura, Aldats pilotalekuan egingo da, 15:00etan hasita.

Aurreko urteotako dinamikari eutsita, Zuhatza Euskara Elkarteak edukiko du irailaren 24ko herri bazkaria antolatzeko ardura. 600 lagunentzako lekua egongo da, eta egunean bertan erreserbatu beharko da lekua, 09:30etik aurrera. Zehaztu dutenez, kuadrilla bakoitzetik prestaketa lanetan laguntzeko bina lagun etortzea eskatzen da.

Ohiko formatua berreskuratuta, norberak bere janaria eramateko aukera edukiko du. Iaz modura, gainera, paella platerak ere eskainiko dira euskara elkartearen eskutik. Oilaskoarekin eta untxiarekin egindako paella edo barazki paella egongo dira aukeran. Paella janerako txartelak asteartean (irailak 13) ipiniko dituzte salgai, 8 euroren truke.

Txartelak berandu baino lehen erosteko gomendatu dute, 200 txartel ipiniko dituzte salgai eta. Txartelak eskuratzeko bi era daude. Nahi dutenek Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan (Ifar kalea 12, behea) eskura ditzakete txartelak honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:00etara. Nahiago dutenek, WhatsApp bidez ere egin dezakete erreserba, 632 043 322 telefono zenbakira idatzita. Txartelak erosteko azken eguna irailaren 20a da.

Aurten ere txosna ipiniko dute euskara elkartekoek. Edaria bertan kontsumitzea eskatu dute arduradunek. Horrez gain, Txotx! edalontzia ere eskuratzeko aukera egongo da 5 euroren truke.

HEMEN bazkariari buruzko xehetasun guztiak.