Asfaltozko zoladura berritzeko lanak egingo dituzte Arrantzale kalean

Berriketan 2022ko urr. 3a, 10:27
Debako udal iturriek zabaldutakoaren arabera, lanak gaurtik (urriak 3) ostegunera (urriak 6) bitartean burutuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hartuko du bere gain tren geltokiko igarobide paretik hondartzaraino doan pasealekuko asfaltozko zoladura osoa berritzeko lanen ardura. Tokiko erakundeko iturriek adierazi dutenez, lanek eragina edukiko dute inguruan.

Lanak dirauten bitartean Arrantzalea kalea zirkulazioari itxita egongo da. Hori bai, oinezkoentzako igarobidea bermatuta egongo dela azpimarratu dute udal iturriek. “Arrantzale kale ondoko espaloia libre egongo da”.

Denbora tarte horretan, gainera, Mariñel kaleko horma parean ere ezingo da ibilgailurik laga. “Aparkaleku guztiak baliogabetu egingo dira garraiolariek sarbidea izan dezaten”. Behin-behinean kenduko diren lekuen ordezko moduan hondartza aurreko aparkalekuan erabili daitekeela ohartarazi dute. “Udako TAO denboraldia amaituta, Nafarroa Plazako aparkalekua libre dago”.