Arroz luzea batuko dute Deban, Greziako kanpalekuetako errefuxiatuentzako

Berriketan 2023ko mar. 21a, 16:39

Zaporeak proiektuarekin bat eginda, Lesbos irlan bizi diren errefuxiatuentzako janari bilketa hasi dute Debabarrenan, tartean, Deban. Ostiralean (martxoak 24) amaituko dute bilketa.

Abian da astelehenetik (martxoak 20) Zaporeak elkartearen erronka berria. Aurrekoetan modura, janaria bilduko dute eskualdean, Greziako Lesbos irlan bizi diren errefuxiatuei jaten emateko. Debabarrenako herri bakoitzari janari bat biltzeko beharra esleitu zaio eta jakitera eman dutenez, Deban arroz luzea batuko dute, baita Ermua eta Soraluzen ere. Mallabian eta Mendaron, berriz, hodi erako makarroia bilduko dute, dilista pardina Eibarren, garbantzu pedrosillanoa Elgoibarren eta arraina kontserban Mutrikun.

Debari dagokionez, Eroski eta Lizaso dendetan eta Luzaro ikastetxean abiatu dute bilketa. Ostegun (martxoak 23) eta ostiralean (martxoak 24), gainera, aurreko hirurei beste bilketa gune bat gehituko zaie. Iragarri dutenez, arroz luzeko poltsak batzeko kaxak jarriko dituzte boluntarioek udaletxe azpian 18:00etatik 20:00etara. Erronkaren bultzatzaileek kanpainarekin bat egitera animatu dituzte herritar guztiak.

Erronkari amaiera emateko, bestalde, ekitaldi berezia egingo dute larunbatean (martxoak 25) Ermuako Orbe Kardinalaren Plazan, 14:00etatik 15:00etara. Besteak beste, errefuxiatu esparruetan banatzen dituzten antzeko elkartasun tuperrak salduko dituzte, 5 euroren truke. “Ekimen hau garrantzitsua da, errefuxiatu esparruetan zer jaten duten ikusteko balio duelako”, azaldu dute antolatzaileek. Gainera, errefuxiatuen egoera hobeto ezagutzeko, Lesbosen gertatzen ari den errealitatea erakutsiko dute Ermuko kaleetan jarriko dituzten bideo batzuen bitartez.

Proiektua laguntzeko bazkide berrien bila dabiltza eta, asmo horrekin, kanpaina abiatu dute

Eta, janaria bidaltzeko gastuei aurre egiteko, rifak ere ipiniko dituzte salgai: euro baten truke, afari bana eta Eibarko Artisten Elkarteko kideek emandako artelan bana eramango dituzte etxera irabazleek. Afariak Itziarko (Salegi), Elgoibarko (Belaustegi), Ermuko (Amatxi, Sagarra eta Mendiola) eta Eibarko (Casino, Konten eta Baratze) jatetxeetan emango dira. Horrez gainera, Eusko Label eta KM0 produktuez osatutako otarra ere zozkatuko dute.

Bazkide bila. Proiektua laguntzeko bazkide berrien bila dabiltza eta, asmo horrekin, kanpaina abiatu dute. Bakoitzak nahi edo ahal duen kopuruarekin lagundu dezakeela nabarmendu dute, eta ekarpen guztiak ongietorriak izango direla gaineratu. Bazkide egiteko bi aukera daude: banku transferentzia bitartez, aldizkako transferentzia egiteko agindua emanda (ES14 2095 5092 00 9115250322 edo ES71 3035 0103 88 1030035880), edo, bestela, Zaporeak elkartearen webgunearen bitartez.