Arrantzale kaleko baranda berrituko dute

Berriketan 2022ko urr. 31a, 15:40

Lanak asteazkenean (azaroak 2) hasiko dira, eta aurreikuspenen arabera, hilaren 16ra arte luzatuko dira. Zehaztu dutenez, ibai ertzeko baranda osoa aldatuko dute.

Udal iturriek jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hartuko du bere gain lanen ardura. Iragarri dutenez, tren geltokiko igarobide paretik kai muturrera doan ibai ertzeko baranda osoa aldatuko dute. Baranda berriari, gainera, elementu berri bat ipiniko diote; zehazki, sareta bat jarriko diote beheko aldean, ibaira zaborra erortzea saihesteko.

Lanek dirauten bitartean ezingo da inguruko aparkaleku batzuetan ibilgailurik laga. “Mariñel kalean, tren geltoki parean dauden aparkaleku batzuk baliogabetu egingo dira, kamioiek maniobra egin ahal izateko”. Hondartza aurreko aparkalekuaren zati batean ere ezingo dela aparkatu gaineratu dute. “Itxas Gain tabernaren aurre aldeko lau aparkaleku ere baliogabetu egingo dira”.

Inguruetan ibiltzeen diren oinezkoei eta gidariei ere arretaz ibiltzeko eskatu diete. “Baranda ondoko bidea moztu egingo dute, eta baranda zaharra erretiratuko duen kamioia ere Arrantzale kaletik ibiliko da. Beraz, bi ibilbideetan eragina edukiko dute lanok”.