ELKARRIZKETA

“Arrano Elkartea beti egon da prest ekimen herrikoietan laguntzeko eta haiek bultzatzeko”

Berriketan 2023ko urt. 31a, 10:19

Debako Arrano Elkartearen 40. urtemuga aitzakia hartuta, Irati Baroja eta Enrike Martiarena elkarteko kideekin bildu da Berriketan; orain 40 urte “ilusioz” sortu zuten elkarteak orain arte egindako bideaz eta egungo egoeraz jardun gara.

Enrike, urte luzez izan zara elkarteko kide. Zer nolatan hurbildu zinen bertara?
Enrike Martiarena (E.M.): Sortu genuenetik naiz bazkide, duela 40 urte. HB aurrera eramateko elkargune bat behar genuen bilerak, kanpainak, hitzaldiak eta abar antolatzeko. Eta hori dela eta gerturatu nintzen; urte pila bat dira, bai.

Zure kasuan, Irati, bazkide berria zara. Noiz eta nolatan animatu zinen?
Irati Baroja (I.B.): 2020an, hainbat lagunekin batera bazkide egiteko aukera sortu zitzaigun eta emakume gazte bezala elkarte gastronomiko honi nire ekarpena egin niezaiokeela pentsatu nuen.

Urteotan zer izan da zuentzat Arrano? Zer lotura duzue elkartearekin, edo zer eskaini dizue?
(E.M.): Beharrezko gune bat izan da, aukera politiko bat gorpuzteko. Balio izan digu lasaitasunez biltzeko, egoera politikoa aztertzeko, antolatzeko eta, azken finean, gure proiektua aurrera eramateko.
(I.B.): Bazkide izan aurretik ere gertutik bizi nuen elkartea. Askotan izana nintzen bazkari-afari bueltetan, eta askotan egin izan ditugu bertan parte izan naizen eragileen ekintzak ere.

“Elkarte kultural bat da sorreratik eta jardun nagusia bilgune izatea da, elkartzeko espazio bat eskaini izan du beti, eta hori Euskal Herrian sukaldearen bueltan izan ohi da”

Zein da elkarteak herriari egin dion edota gaur egun egiten dion ekarpena?
(E.M.): Arrano Elkartea beti egon da prest ekimen herrikoietan laguntzeko eta haiek bultzatzeko. Bertan antolatutako ekintzak irekiak izaten dira edozein herritarrek parte hartzeko.

Zertan bereizten da Arrano herriko bestelako elkarte gastronomikoetatik?
(I.B.): Lehenik eta behin, esango nuke Arranok hasieratik ireki zizkigula ateak emakumeoi; ez zuten inongo baldintzarik ipini, ez bazkide izateko, ez sukaldean egiteko, ezta bertan antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko ere. Eta hori bereizgarri garrantzitsua da beste elkarte gastronomikoekin alderatuta. Bestalde, herri mugimenduetako eragileentzat ere ateak irekita izan dituela esango nuke, nahiz eta bazkide ez izan; Gaztetxea, talde feminista, eta abar.

80 bazkide ditu gaur egun Arranok. Zertan oinarritzen da elkartearen jarduna?
(I.B.): Elkarte kultural bat da sorreratik eta jardun nagusia bilgune izatea da, elkartzeko espazio bat eskaini izan du beti, eta hori Euskal Herrian sukaldearen bueltan izan ohi da. Bestalde, urtero zuzendaritza batzordeak ekimen ezberdinak antolatzen ditu eta ohikoak izaten dira mus txapelketa, bertso afaria eta mendi edo kultur irteeraren bat. Dena den, zuzendaritza batzordearen araberakoak dira jarduerak. Beste elkarteekin batera, Debarren Egunean, adibidez, plazan salda eta txorizoa ematen da, eta Arrano Elkartean bazkaltzen dute erraldoien talde guztiek.

“Espainiako epaileek egoera zail batean jarri zuten gure elkartea, legez kanpo kokatu gintuztenean. Egoera horrek bere horretan jarraitzen du eta momentuan indefinizio puntu batean gaude”

Zeintzuk izan dira 40 urteotan elkarteak bizi izan dituen unerik latzenak? Eta zeintzuk goxo edo politenak?
(E.M.): Espainiako epaileek egoera zail batean jarri zuten gure elkartea, legez kanpo kokatu gintuztenean. Egoera horrek bere horretan jarraitzen du eta momentuan indefinizio puntu batean gaude, edozein momentutan elkartea Estatuaren esku ipintzeko. Dena dela, gure aukera politikoa aurrera egiten ikusteak pozten gaitu. Ikusten ari gara egindako lana ez dela alferrikakoa izan.

Zertan da uneotan 35/02 sumarioa edo Herriko tabernen auzia bezala ezagutzen den prozesu judiziala?
(E.M.): Orain bertan, eta daukagun informazioaren arabera, geldirik dago gaia, ez dakigu ezer. Lokala berez Estatuarena da, enbargatua dago, baina ez dago exekutatuta; beraz, bertan jarraitzen dugu. Egia da egoera ez dela batere erosoa, inbertsio bat edo egiturazko zerbait egiteko ziurgabetasun egoeran gaudelako, baina gure martxarekin jarraituko dugu, eta Arrano libre! aldarrikatuz.
(I.B.): Juridikoki ez gaude egoera onean, ez, baina elkarteak aurrera jarraitzen du bere dinamikarekin. Bazkideok argi dugu “gure txokoa” dela eta bere alde borrokatuko dugu.