Arrano Eguna ospatuko dute maiatzaren 13an

Berriketan 2023ko mai. 11a, 11:11

Debako Arrano Elkarteak larunbat honetarako deitu du hurrengo hitzordua. “Herritarren ezinbesteko parte-hartzearekin” prestaturiko egitaraua izango du Arrano Egunak.

“Elkartea sortu zeneko inguruabar latzak, bidean jasandako trabak zein egungo egoera zaurgarria ahaztu gabe, gurea dugun jaiari eta borroka izaerari eutsiz ospatuko dugu eguna”, nabarmendu dute Arrano Elkarteko kideek.

Herria erraldoiekin eta musikariekin girotuz emango diote hasiera egitarauari, 12:00etan. Ondoren, Plaza Zaharrean, ospakizun ekitaldia egingo dute partaideek eta jarraian, 13:00ak aldera, herrian kalez kale ibiliko dira poteo girotuan, “alaitasun egarriz”. Azkenik, “irribarre gosez”, bazkaria egingo dute Arrano Elkartean, ospakizunarekin mahaiaren bueltan jarraitzeko asmotan.

Herritarrei deialdian parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek. “Eskerrik asko, bihotzez, Arrano Eguna posible izan dadin laguntza eskaini duzuen guztioi eta hitzorduan bertan parte hartuz eguna bera egi bihurtuko duzuen guztioi!”.

[EGITARAUA].

Debako Arrano Elkarteak 40 urteko ibilbidea betetzen du aurten; urtemugarako propio sortutako bertsoa irakur daiteke irudian.