Arlokako mahai-inguruak antolatu ditu Dagigun partaidetza guneak

Berriketan 2021ko urr. 30a, 11:21
Dagigun partaidetza gunearen lanketan jarraitzen dute Debako Udalak eta herriko eragileek Bartzelonako arkitekto Itziar Gonzalez Virosen gidaritzapean. Azaroaren 4an, 11n eta 18an arlokako mahai-inguruekin ekingo zaio urte amaiera arteko dinamikari.

Udalak gogorarazi bezala, Dagigun partaidetza gunea premia zehatz batetik abiatu zen. “Zumardiko pasealekuari buruzko herritarren eztabaida zabaltzeko beharretik abiatuta, Debako Udalak, bere parte-hartze batzordetik, prozesu sakon eta bizia jarri du abian, Dagigun, udalerriko eragile sozial eta administratiboen kultura parte-hartzailea eta demokratikoa aktibatzeko”. Proiektua uztailaren 15ean aurkeztu zen, Zumardian bertan kokatutako karpan egindako ekitaldi batean. 

Udako oporraldiaren ostean, irailean ekin zitzaion barne mailako lanketa intentsiboari. Dinamizazio lanetan arituko diren gazteek bi saio egin dituzte. Horietan partaidetza eta hirigintza prozesuaren diseinuaz aritu dira, eta Zumardiko dinamikak diseinatzen hasi dira. Bestetik, udal langileekin eta partaidetza batzordeko ordezkari politikoekin ere lan egin du Itziar Gonzalezek. Amaitzeko, eragileekin partaidetza prozesuen inguruan aritu da, kasu praktikoak aztertuz. Zumardiko prozesuaren inguruan zituzten galderak ere landu dituzte. 

Honela bada, hurrengo urratsa mahai-inguruak izango dira; azaroaren 4an, 11n eta 18an, kultura, hirigintza eta landa ekonomia landuko dira, hurrenez hurren. Saio horien ondoren, 20, 21, 27 eta 28an tailerrak egingo dira Zumardian bertan. Horietako bat familia eta haurrekin egingo da. Herritarrak horietan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Debako Udalak, “guztion artean etorkizuneko Deba eraikitzeko” helburuz.