Apirilaren 15ean lehiatuko dute 48. Amaikak Bat Txirrindulari Proba

Berriketan 2023ko api. 13a, 13:38
Debako proba Gipuzkoako Federazioko junior mailako laugarren proba izango da. Parte hartzaileek 105 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre.

Datorren larunbatean (apirilak 15), 48. Amaikak Bat Txirrindulari Proba lehiatuko dute Deban, herriko txirrindulari taldeak antolatuta. Junior mailako lehen eta bigarren urteko txirrindulariek parte hartuko dute proban, eta antolatzaileek 200 parte hartzaile inguru batzea espero dute. “Datu zehatzik ez daukagu oraindik. Parte hartzaileek, izan ere, egunean bertan izena emango dute, baina kategoria horretako beste lasterketetan 200 txirrindulari inguru batu ohi dira”.

11:00etan hasiko dira parte hartzaileak lehen pedalkadak ematen, eta 105 kilometroko ibilbide gogor bezain gorabeheratsua edukiko dute aurretik. Foruen Plazatik hasita, irteera neutralizatuan joango dira txirrindulariak estalitako pasealeku pareraino, eta bertan emango diote denboraz neurtutako lasterketari hasiera. Debabarrena eta Debagoieneko errepideetatik zehar igaroko da lasterketa.

Debatik irten eta Bergara aldera abiatuko dira parte hartzaileak. Zubillaga eta San Prudentzio igaro ondoren, Bergarara bueltatu eta leku beretik Mendarora bueltatuko dira txirrindulariak. Handik, Sasiola aldera joango dira parte hartzaileak eta Lasturrera bidean, ibilbideko lehen mendatea igo beharko dute; hirugarren mailako Elkorrieta gaina, hain zuzen.

Parte hartzaileak 13:35-13:45 inguruan helduko dira hondartza kaleko zabor edukiontziak eta zumardiko putzua lotzen dituen zebra bidearen bueltan ipiniko duten helmugara

Lasturtik irten orduko hurrengo hirugarren mailako mendatea igotzeari ekin beharko diote parte hartzaileek; Itziarko gaina, hain zuzen. 86,5 kilometroan igaroko dira parte hartzaileeak berriro Debatik eta azken zatiari helduko diote. Handik Mutriku aldera abiatuko dira parte hartzaileak, zehazki, bigarren mailako Kalbario gaina igo eta jaitsi beharko dute, eta Debara bueltatu.

Aurreikuspenak bete eta dena ondo bidean badoa, parte hartzaileak 13:35-13:45 inguruan helduko dira Hondartza kaleko zabor edukiontziak eta zumardiko putzua lotzen dituen zebra bidearen bueltan ipiniko duten helmugara. Jarraian, sari banaketa egingo dute Foruen Plazan. “Eguraldi ona baldin badago Kutxa aurrean emango ditugu sariak, bestela, udaletxe azpiko arkupean”.

Boluntario beharra. Antolakuntza lanetan laguntzeko jende gehiagoren beharra dutela ere jakitera eman dute Amaikak Bateko kideek. “Baja pila bat izan ditugu. Halako lasterketa bat antolatzeko, egia esan, jende asko behar izaten da”. Laguntzeko prest daudenei taldeko norbaitekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Gidariei eta oinezkoei adi ibiltzeko eskatu diete antolatzaileek, egingo diren mozketengatik; “pazientzia eta ulermena” izateko eskatu dute. “Mozketek minutu gutxi batzuk iraungo dute. Inguruan egongo diren boluntarioek emandako gomendioak jarraitu mesedez”.