Amaitu dira Luzaro eskolan estalpea jartzeko lanak

Berriketan 2022ko ots. 22a, 10:56

Udalak bukatutzat eman ditu Luzaro eskolan joan den abenduaren erdialdean hasitako lanak. Ikastetxeak espazio librean estalitako gune baten beharra ikusi zuen, COVID-19ak eragindako osasun-egoerak areagotu zuena, eta Udalari esku-hartzea eskatu zion. Hori hala, eskolarako sarrera-irteerak taldeka egin behar ziren unean babesa egon zedin patio osoa estaltzen zuen karpa jarri zuen Udalak bertan, baina gerora gunea iraunkor bihurtzeko estalpea egitea erabaki zen.

Pozik agertu da Gilen Garcia Boyra alkatea Luzaron jarri berri den estalpearekin, “hemendik aurrera beste gune eroso batez gozatzeko aukera izango baitugu, batez ere gaztetxoek”. 

Estalpe iraunkorra jartzeko orduan, eskolak erabilera anitzetarako estalpe finkoa izan dezan bilatu da. Guneari goxotasun pixka bat eman nahian, estalpea egiteko egurra erabili dute eta zati bat libre utzi dute, nahi izanez gero espazio horri beste erabilera bat eman ahal izateko. 

Udalak azaldutakoaren arabera, estalpea jartzearekin batera hobekuntza batzuk ere egin dira gune horretan. Eskumako hormigoizko eustorma garbitu da, eta frontoia berriro margotu da. Horrekin batera, eta gunea erosoagoa izan dadin, banku luze batzuk jarri dira, aurretik ez baitzegoen eserlekurik; “modu horretan, jolaserako bakarrik ez, elkarrekin egoteko gunea ere irabazten da”. 

Aplibur enpresari esleitu zitzaion lana 271.777 (+BEZ) euroan. Eusko Jaurlaritzak emango duen diru-laguntza batekin kopuruaren % 60 ordainduko da.