Amagoia Arrieta, bosgarren munduko txapelketan

Berriketan 2022ko abe. 12a, 11:38

Deban bizi den kirolaria dominen lehian sartzeko atarian geratu da Rio de Janeiron (Brasil) jokatzen ari diren Munduko Boccia Txapelketan.

Dordoka elkarteko kirolaria BC1 kategoriako final handian sartzeko faboritoetako bat bazen ere, ezin izan du ametsa egia bihurtu. Final-laurdenetan kanporatua izan ondoren, bosgarren postu “gazi-gozoarekin” konformatu behar izan du.

Partida galdu bazuen ere, kirolari gipuzkoarraren alde hasi zen norgehiagoka. Bigarren partzialean 2-1 irabazten ere joan zen, baina Yee Ting Jeralyn Tan singapurdarrak azken bolarekin egindako jokaldian lortu zuen garaipena, 2-3 irabaziz. Espainiar selekzioko arduradunen esanetan, Arrietak aurkari oso gogor baten aurka neurtu behar izan zituen indarrak, eta galdu bazuen ere, azken minutura arte zuen etsi.

Banakako lehiatik kanporatu izan ondoren, taldeka lehiatzeko aukera ere izango du Arrietak. Gaur (abenduak 12) hasiko dira taldekako eta binakako lehiaketak, eta selekziotik adierazi dutenez, BC1-BC2 kategorian Serafin Rodriguez eta Sonia Sanchezekin batera ariko da. Txapelketaren lehen fasean, Argentina, Brasil eta Eslovakiaren aurka neurtuko dituzte indarrak.