“Album” antzerkiak emango dio amaiera Iturri Ondoan egitasmoari

Berriketan 2022ko uzt. 28a, 09:00

Lau ostiral eta beste hainbeste kultur ekimen ekarri dizkigu orain arte aurtengo Iturri Ondoan egitasmoak. Euskal kultura sustatzea helburu duen ekimen sorta uztailaren 1ean hasi zen eta hilaren 29an amaituko da.

Uztaileko ostiral gauetan izan dira emanaldiak, 22:00etan guztiak ere, eta, kokalekuari dagokionez, jatorrizko lekura itzulita, hau da, Plaza Zaharreko iturri ondora. Bederatzigarren edizioa izan du aurtengoa Iturri Ondoan-ek, eta hainbat diziplinatako saioak izan dira ikusgai: bertsolaritza, literatura, dantza eta musika.

Bihar iluntzean ekimenari amaiera ematera datorrena, berriz, Album antzerkia izango da. Lan honekin gazteak datoz oholtza gainera gazteez mintzatzera, hots, beren buruez; Formol Laborategiak sortutako antzezlana aurkeztuko dute.