ELKARRIZKETA

Albert Salas: “Gremioak eta historiako uneak irudikatzen dituzten dantzak egingo ditugu Deban; gure kultura-ondarearen erakusgarri txiki bat”

Berriketan 2022ko abu. 9a, 09:00
Abuztuaren 13an izango dugu Deba-Reus topaketa berriz gurean, eta egunaren egitarauan Reuseko elementu kulturalen erakustaldia izango da, Reuseko dantza tradizionalena, besteak beste. Hori dela eta, Albert Salas Reuseko Danses Tradicionals Koordinakundeko kidearekin aritu gara Berriketan, dantza horien eta beren jatorriaren berri jakin nahian.

Nortzuk osatzen duzue koordinakundea? Zertan oinarritzen da zuen jarduna?
Irabazi asmorik gabeko erakundea da gurea, eta Reusen dantza tradizionalen ikerketa, berreskurapena eta kontserbazioa sustatzen ditu. 1996an sortu zen, aurreko mendeetan hirian interpretatutako dantzak berreskuratzearen aldeko apustua egin zutenen borondateari esker.

1996an finkatu ziren estatutuak, baina berreskuratutako lehen elementua 1982koa izan zen, Ball de Gitanes. Harrezkero, beste dantza batzuk berreskuratu dira: Dansa de Mossèn Joan de Vic (1983) eta Ball de Prims (1992); Ball de Cercolets (1996), Ball de Galeres (2003), eta Ball de Pastorets (2007).

Berreskuratze-lana neketsua izan da; ez dokumentatzea bera (Josep Bargalló folkloristari esker dantzen xehetasun asko iritsi zaizkigu), baizik eta tradizio horiek gauzatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak biltzea.

Hala ere, harro gaude koordinakundea osatzen duten dantzekin. Pixkanaka, lekua egin dute Reuseko jaialdi eta herri-irudimenean, lagun askoren lanari esker.

Ba al dago antzekotasunik zuen dantzen eta Euskal Herrikoen artean? Zertan bereizten dira?
Zaila da konparazio orokorra egitea, baina ziur antzekotasunak aurki daitezkeela: urte osoan dantzatzen direnak eta data berezietan bakarrik egiten direnak daude, adibidez. Batzuk lurralde osora hedatuta egon daitezke, eta beste zenbait herri jakin batean baino ez dira dantzatzen; beste batzuk, aldiz, pertsona gutxik dantzatzen dituzte, eta badira beste hainbat irekiak direnak, hau da, nahi duen orok dantza ditzakeenak.

Eremu jakin batekoak izan arren, dantza batzuk azkenean jendarteratu eta zabaldu egiten dira. Horren adibide garbia da Reusen ere euskal dantzak dantzatzen direla. Arrakasta berezia dute Zazpi jauzi eta Esku Dantzak!

Osagarri antzekoak ere badira, ezta?
Bai, ezaugarri komunak ageri dira hainbat osagarritan: zintetan, uztaietan, makiletan edo ezpatetan, eta gainera antzera erabiltzen dira.

Bestalde, badira elementu ezberdinak, koreografikoak, adibidez. Euskal dantzetan une batzuetan dantzari bat edo gehiago nabarmentzen dira, eta pausoak egiteko trebetasuna ikus daiteke; katalanetan, berriz, dantzarien artean sortzen diren irudiak nabarmentzen dira nagusiki.

Zer dakarzue Debako emanaldira?
Bada, ilusioz beterik gatoz Ball de Gitanes eta Ball de Galeres-ekin!

Gitanes, “ijitoak”, katalanez hitz egiten den lurraldeetako dantza arruntenetako bat da. Loratutako makila bati eusten dion deabrua da, eta zuhaitz bat simulatzen du enborrean zintak txirikordatzen dituzten dantzariekin. Herriko plaza nagusian zuhaitz handi bat landatu, apaindu eta inguruan dantzatzea oinarri zuen festa zaharretik dator. Zinta horiekin Kataluniako bandera sortzen duen bakarra da Reusekoa. Eta ilusio berezia egiten digu, aurten dantza berreskuratu zeneko 40. urtemuga ospatzen baita!

Galeres oso dantza berezia da eta, aldi berean, ohikoa. Berezia da, ez dagoelako halako besterik, Lepantoko itsasontzi-bataila irudikatzen baitu; eta oso arrunta da, ordea, mairu eta kristauen arteko gerra amaigabea taularatzen duelako.

Ball de Gitanes.