ELKARRIZKETA

Alaitz Izaga: “Herriko puntu ezberdinak dantza agertoki bihurtuko ditugu”

Berriketan 2022ko abe. 15a, 09:30

Hamar urte bete dira Kulunka Dantza bidea egiten hasi zenetik, eta urteurren berezi hori aitzakia hartuta, Alaitz Izaga taldeko zuzendari eta irakaslearekin elkartu da Berriketan.

Azkar esaten bada ere, hamargarren urteurrena bete duzue. Nolakoa da Kulunkak izan duen bilakaera?
Hasierako dantza eskola eta gaur egungoa oso ezberdinak dira: ikasle kopurua asko handitu da eta mota ere aldatu da; egia esan, helduen presentzia asko handitu da. Batez ere, irakasten eta dantzatzen denaren era aldatu da, eta gure emanaldiak ere askoz anitzagoak dira orain. Dantza ikuspuntu irekiago batetik irakatsi eta dantzatzen dugu, betiere, dantza klasikoaren diziplina ahaztu gabe; ikasleak askotariko dantza estiloetarako prestatzen ditugu eta dantza era zabalago batean maitatzen irakasten saiatzen gara.

Urteurrenari keinu egiteko emanaldi berezi bat ere prestatu duzue.
Taldearen hamar urteak ospatzeko erarik politena eskolako dantzari guztiak kalera dantzan ateratzea dela iruditu zaigu. Argi geneukan ekintza kalean izan behar zela eta herritar guztiei zabaldu nahi geniola, eta, horregatik, kalean egingo dugu dantza. Batez ere, formatua izango da ezberdina; berezia.

Zer zentzutan?
Ospakizun emanaldia bi egunetan egingo dugu. Abenduaren 16an, 19:00etan hasita, dantzajira bat egingo dugu. Herriko puntu ezberdinak dantza agertoki bihurtuko ditugu eta bitarteko kaleak ere girotuko ditugu. Ibilbidea Foruen Plazan hasi eta bukatuko da, eta, tartean, Plaza Zaharrean eta Arakistain Plazan ere egingo ditugu geldialdiak. Abenduaren 17erako, berriz, amaiera polit bat prestatu dugu: 12:30ean hasita, dantzajiraz gain, flashmob bat ere egingo dugu, eskolako dantzari guztiok batera. Urteurrenari amaiera emateko dantza alai eta jendetsua izango da.

Zertan inspiratutako sorkuntzak kaleratuko dituzue?
Estilo aldetik oso desberdinak diren 25 koreografia gorpuztuko ditugu 105 dantzarik. Koreografia hauen aukeraketa bihotzez egin dugu. Azken hamar urteotan eskolatik igarotako irakasleek sortutako koreografiak izango dira; hain zuzen ere, beraientzat prestatu dugun opari antzerako bat izango da.

Etorkizunera begira, zer nolako ilusioarekin eta proiektuekin jarraitzeko asmoa daukazue?
Hasierako ilusio berarekin jarraitzen dugu, eta aurrera begira ere gurearekin jarraituko dugu; herrian dantza bultzatuz, dantzarekiko zaletasuna eta maitasuna ahalik eta gehien zabalduz eta, batez ere, dantzatuz! Deban dantza zaletasun handia dago. Eskola adinean dauden haurren artean praktika nagusi bihurtu dugu dantza eta helduen artean ere dantza eskoletara etortzeko zaletasuna geroz eta handiagoa da. Era honetan ere, Kulunka aldatzen eta zabaltzen ari da. Baina badago arduratzen gaituen gai bat ere: mutilen presentzia oso baxua da. Muga sozialak dituen arazo bat dela ikusten dugu, eta hau aldatzeko lanean saiatuko gara.