Aitzurik ate irekien jardunaldia antolatu du, abesbatzara kide berriak erakartzeko

Berriketan 2023ko ots. 20a, 09:30

Ate irekien jardunaldia asteazkenean (otsailak 22) egingo dute. 20:00etan jarri dute hitzordua, Agirre jauregiko Ispiluen gelan.

Debako abesbatzak kontzertu bat eskainiko du martxoan Madrilen, eta abesbatzako kideek uste dute emanaldi hori prestatzeko egingo duten entsegu nagusia aukera “ederra” izan daitekeela kantu zaletasuna duten herritarrei abesbatzara gerturatzeko deialdia egiteko. “Bertaratzen direnek ikusten dutena gustatzen zaien ala ez egiaztatzeko aukera izango dutela iruditzen zaigu. Entsegua, egia esan, oso polita eta berezia izango da; interesatuta dauden guztiak gonbidatuta daude. Animatu eta zatoz esperientzia probatzera“, adierazi dute.

Asteazkenean (otsailak 22) egingo dute entsegu nagusia, eta zehaztu dute egiten duten lana ezagutzera emateaz gain, abesbatza eta horren funtzionamendua barrutik ezagutzeko aukera izango dutela bertaratzen diren guztiek. Gogora ekarri dute kantu zaletasunaz gain, ez dela gehiagorik behar abesbatzako kide izateko. Alegia, azpimarratu dute abestearekin edo musikarekin lotutako ikasketarik ez dela behar abesbatzan parte hartzeko.

Iragarri dutenez, kontzertua martxoaren 4an emango dute Madrilgo San Ignacio elizan. “Bertako Euskal Etxearekin elkarlanean emango dugu kontzertua”. Zehaztu dutenez, 30 bat kantari joango dira Madrilera Xabier Carrillo zuzendariaren esanetara kontzertua eskaintzera. “Gurekin batera, Amaia Zipitria piano jotzaile ezaguna ere etorriko da. Hark lagunduta abestuko ditugu prestatu dugun errepertorioko hainbat kantu”.

Hain zuzen ere, aurreko udan Debako elizako klaustroan eskaini zuten kontzertuko errepertorio bera eskainiko dute Madrilgo kontzertuan ere. “Errepertorioa oso madrildarra da. Zarzuela eta halako ikutua duten kantu askorekin osatu genuen udan klaustroan eman genuen kontzertuko errepertorioa, eta arrazoi horregatik aurtengo kantu irteera Madrilera egitea pentsatu dugu”.