ELKARRIZKETA

Aitzol Arakistain: “Uretako motor bat gidatzeak esfortzu fisiko handia eskatzen du”

Berriketan 2022ko abe. 2a, 09:00

Motor munduarekin lotura estua dauka Aitzol Arakistainek. Uretako motorrarekin lehiatzen da gaur egun eta, besteak beste, Europako Txapelketa bat irabazi eta munduko bi txapelketetan parte hartu ahal izan du.

Auto lasterketetan lehiatzen hasi bazen ere, arriskutsua zela eta, autoa saldu eta uretako motor bat erosi zuen duela 25 urte. Lehiatzen jarraitzeko asmorik ez bazuen ere, lagunek bultzatuta, lasterketa batean parte hartzea erabaki zuen, eta horrek lehiarako grina piztu zion berriro. Orduz geroztik ehunka probatan parte hartu du, baita emaitza onak lortu ere.

Nolakoak izan ziren zure hastapenak?
Parte hartu nuen lehenengo lasterketa 5. postuan amaitu nuen, eta hortik aurrera lasterketa guztietara joaten hasi nintzen. Garai hartan orain baino lasterketa gehiago antolatzen ziren, gehienak Mediterraneo itsasoan izaten ziren, eta, nahiz eta kilometro asko egin behar izan, gustura aritzen nintzen.

Orain artean zer kategoriatan lehiatu izan zara?
Kategoria eta modalitate guztietan lehiatu naiz, baina horietan guztietan Offshore F1 deritzona da nire gogokoena. Kategoria horretan pilotuaren trebeziak garrantzi handia dauka, baina baita motorraren mekanikak ere. Nire kasuan, motorrari egin beharreko aldaketa guztiak nik egiten dizkiot. Maila teknikoan garatzen joatea oso motibagarria da mekanika aldetik, batez ere, motorraren portaera eta itsasoan lor daitekeen abiadura hobetzeko. Hori guztia garatzeko proba asko egin behar dira, eta horrek ordu asko eskatzen ditu tailerrean. Aldaketa horiek, baina, beste ondorio bat ere badute.

Zein ondorio?
Motorra hainbeste ukitzeak guztia mugara eramaten du, eta, horren ondorioz, lasterketetan arazo mekanikoak maizago sortzen dira. Askotan, lasterketa erdian motorra izorratu eta etxera esku hutsik ere bueltatu behar izan gara.

Kategoria eta modalitate guztietan lehiatu naiz, baina horietan guztietan Offshore F1 deritzona da nire gogokoena”

Non lehiatzeko aukera izan duzu?
Gehienbat Espainiako txapelketetan parte hartu izan dut. Galizian eta Asturiasen lasterketa bana jokatzen da, eta gainontzeko guztiak Mediterraneo itsasoan izaten dira, Murtzian batez ere. Hango itsasoa hemengoa baino bareagoa da, eta hori guri ez zaigu ondo etortzen. Itsasoa bare dagoenean, motorrak du protagonismo handiena lortutako emaitzan. Itsasoa mugituagoa dagoenean, eta gu baldintza horietara ohituagoak gaudenez, postu hobeak lortzen ditugu. Europako txapelketetan ere aritu izan gara. Hainbat urtetan Frantziako Oleron uhartea inguratzen zuen lasterketa batean parte hartu izan dugu eta Cavalierren ere izan gara. Grezian ere bi aldiz egon gara, eta Portugalgo Algarvean ere beste bi urtetan aritu gara. Guadalupera joan gara urrutien; Karibeko itsasoan kokatua dagoen irla frantses horretan antolatzen den munduko txapelketan bi aldiz parte hartu dugu.

Hain urrutira joatea ez da erraza izango.
Logistika aldetik prestakuntza handia eskatzen du. Motorra lasterketa baino hilabete lehenago itsasoz bidali behar izaten da edukiontzi batean, eta baimen aldetik ere gauzak nahiko zailtzen dira.

Eta nolako emaitza lortu zenuen bertan?
Bi urteetan ez nuen zorte handirik izan. Mekanika aldetik arazoak eduki genituen, eta ezin izan genuen lasterketa amaitu. Hala ere, esperientzia ona izan zen.

Zeintzuk izan dira orain arte lortu dituzun emaitzarik azpimarragarrienak?
Duela urte batzuk Europako Txapelketa irabazi nuen Portimaon (Portugal). Greziako Jet Raid-ean ere emaitza ona lortu nuen, hirugarren amaitu nuen. Paris Dakarren antzeko proba bat da; bost egunetan burutu zen proba, eta GPS bidez uharte desberdinetatik nabigatu behar izan genuen; guztira, 1.200 km egin genituen. Nahiz eta oso gogorrak izan, mota honetako probak dira nire gustukoenak. Beraz, sailkapenean goian egoteak ilusio berezia egin zidan.

Errege Kopan lortutako emaitzei esker, Espainiako Txapelketako 4. postuari eutsi ahal izan nion”

GP1 kategoria nagusian lehiatzen zara orain; zehazki, Offshore eta Rallyjet modalitateetan. Zein duzu nahiago?
Distantzia luzeko Offshore probak ditut gogokoen. Espainia mailan, baina, mota horretako gero eta proba gutxiago antolatzen dira azkenaldian. Hori dela eta, zirkuituko edo Rallyjet modalitatean ere parte hartzen dut orain.

Bistan da abiadura gustuko duzula. Uretan ez ezik, lurrean ere beste motor kirol batzuetan ere aritu izan zara, ezta?
Txikitatik datorkit ibilgailu motordunekiko zaletasuna. Aita ere oso motorzalea zen, eta, egia esan, berak sartu ninduen mundu honetan. Gaztetan gidatzeko karneta atera orduko hasi nintzen auto lasterketetan parte hartzen.

Aitzol Arakistain, uretako motorrarekin olatu artean hegan. Argazkia: Basque Riders Club.

Zer motatako motor probak iruditzen zaizkizu erakargarriagoak, uretakoak ala lurrekoak?
Duela urte asko utzi nion auto lasterketetan parte hartzeari, baina igoera bat ikustera joaten naizenean inbidia puntu bat sentitzen dut. Egia esan, uretako motorretako lasterketetako exijentzia fisikoa gehiegizkoa iruditzen zaidanean, beharbada, auto lasterketetara bueltatuko naiz; aukera horri ez nioke ezetzik esango.

Nolakoa da uretako motor bat gidatzea?
Ematen ez duen arren, uretako motor bat gidatzeak esfortzu fisiko handia eskatzen du, batez ere, itsasoko baldintzak txarrak direnean. Abiadura handian 130 km/h zoazenean eta olatuetan ematen dituzun saltoekin motorra menderatzea ez da erraza izaten. Behin baino gehiagotan erori izan naiz, eta, azkar joaterakoan, kolpeak ez dira edonolakoak. Gidatzeko orduan motorraren ezaugarriek ere garrantzi handia daukate. Abiadura handia hartzen duten motorrak daude, baina horiek kontrolaezinak dira itsaso txarra dagoenean, eta beste batzuk, ordea, egonkortasun handiagoa dute itsasoa mugitua dagoenean.

Nolakoa da orain lehiatzeko erabiltzen duzun motorra?
Kawasaki Ultra bat erabiltzen dut orain. Bere ezaugarri nagusiena da motorrak duen kroskoari esker, itsaso baldintza txarretan oso ondo moldatzen dela. Itsasoa bare dagoenean abiadura handiagoa hartzen duten beste marka batzuk ere badaude, baina nireari egin dizkiogun moldaketei esker, nahiko gertu ibiltzen gara; 400 zaldiko potentzia edukitzera iristen da eta 130 km/h abiadura lor dezake.

“Kroazian eta Suedian antolatuko diren Europako probetara joatea gustatuko litzaidake, baita Greziako Jet Raid lasterketara ere”

Aurtengo denboraldiari buruzko zer balorazio egiten duzu?
Ez nuen oso ondo hasi. Lehenengo lasterketako bigarren txandan istripu bat eduki nuen, eta ezin izan nuen jarraitu, lehenengo postuan nindoanean. Laku batean antolatu zen beste lasterketa batera ere ezin izan nintzen joan. Horri guztiari Espainiako Txapelketako azken proban buelta eman nion. Mazarronen (Murtzia) antolatutako Errege Kopan bigarren postua lortu nuen parte hartu nuen bi modalitateetan. Itsasoaren baldintza onak ikusita, egia esan, ez nuen espero hain emaitza onak lortzea. Offshore eta Rallyjet probetan oso irteera onak egin nituen, eta, horri eutsita, bi zilar irabazi nituen. Errege Kopan lortutako emaitzei esker, Espainiako Txapelketako 4.postuari eutsi ahal izan nion. Denboraldian gertatutakoak kontuan hartuta, nahiko emaitza ona iruditzen zait.

Basque Raiders Club Motonautika klubaren sortzaileetako bat ere bazara.
Orain dela urte batzuk sortu genuen kluba. Bultzatzaile nagusienak Durangoko Andoni Gutierrez eta Alba Bermejo izan dira; dirulaguntza aldetik gauza asko lortu dituzte. Gaur egun, hamar pilotu gaude klubean, eta Espainia mailan emaitza oso onak lortzen ari gara. Lehiatu ginen azken txapelketaren podiumean ikurrin asko ikusten ziren, eta hori seinale ona da. Horrez gain, Euskal Uretako Motorren Federazioa ere abian jartzea lortu dugu; hainbat erakunderekin elkarlanean gabiltza, kirol hau sustatzeko eta laguntzak lortzeko.

Eta hurrengo denboraldiari begira, zer asmo daukazu?
Izugarrizko erronka daukagu esku artean. Basque Riders kluba eta Euskal Federazioa Getarian burutuko den Europa mailako txapelketa antolatzen ari gara elkarlanean. Egin beharreko lana izugarria da, eta baimenak lortzea ere ez da erraza, baina bide onean goazela dirudi. Dagoeneko hainbat udalen eta erakunderen laguntzak lortu ditugu. Getariako lasterketa aurrera ateraz gero, Europako Txapelketako lehen proba izango da; proga gogorra izango da, bai kilometro aldetik eta baita antolakuntza aldetik ere. Atzerriko pilotuentzako erakargarria izatea eta parte-hartze handia lortzea espero dugu. Niri dagokidanean, Kroazian eta Suedian antolatuko diren Europako probetara joatea gustatuko litzaidake, baita Greziako Jet Raid lasterketara ere.