Abuztuan ere egingo dira biodibertsitatea ezagutzeko bisita gidatuak

Berriketan 2022ko abu. 3a, 11:00

Uztailean ez ezik, abuztuan ere hondartzako biodibertsitatea ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira, dunak eta marearteko zabalgunea gertutik ezagutzeko helburuarekin. Ur (h)ondoa garden egitasmoaren baitan antolatutako irteerak igandero egingo dira hilabete honetan, goizez nahiz arratsaldez, eta Cardenas pasealekuan kokatutako balearen eskulturaren albotik abiatzen dira (Ondargain tabernaren paretik, alegia).

Abuztuaren 7an, 14an, 21ean eta 28an eskainiko dira hondartzako biodibertsitatea ezagutzeko bisitak. Diego Mendozaren gidaritzapean, ordu eta erdiko bi irteera egiten dira jarraian, lehena euskaraz eta bigarrena gaztelaniaz; eta izen-ematea aldez aurretik edo egun berean egin daiteke Turismo bulegoan, 943 19 24 52 telefonoan, edota turismoa@deba.eus helbidean.

Itsasbeherak kontuan hartuta ezarri dituzte bisitetako ordutegiak. Hori hala, abuztuaren 7an arratsaldez egingo dira irteerak (17:30-19:00/19:00-20:30), abuztuaren 14an goizez (11:00-12:30/12:30-14:00), hilaren 21ean arratsaldez (17:30-19:00/19:00-20:30) eta abuztuaren 28an, berriz, goizez (10:30-12:00/12:00-13:30).