Abuztuan bueltan dator Deba-Reus topaketa

Berriketan 2022ko eka. 20a, 09:00

Urte gutxi batzuetako geldiunearen ondoren, indartsu itzuliko da aurten Deba-Reus topaketa. Gurean izango da hitzordua, Deban, datorren abuztuaren 13an, eta bi herrietako eragileen artean egun osoko egitaraua prestatzeko lanetan hasita daude dagoeneko. Reusen aurkeztu zuten ekimena; Deban, berriz, lehenbiziko batzar irekiak eginak dituzte dagoeneko.

2016an Reusen bizi ziren hainbat debar eta euskaldunen ekimenez sortu zen Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako kulturak batzeko topaketa bat egiteko ideia eta hasierako burutazio hura forma hartzen eta gorpuzten joan zen herri mugimenduko hainbat eragile eta kiderekin bat egin zutenean. Hori hala, Deba-Reus komisioa sortu zen eta bi herrien arteko lotura sendotu eta kultur elkartrukea sustatzeko askotariko ekimenak antolatu dituzte azken urteotan.

Reusen bertan egin zuten lehen topaketa, 2017ko apirilean, eta Debatik 100 lagun baino gehiago bertaratu ziren hitzorduan parte hartzera. Ekimen hari jarraipena eman nahian, urte berean, urriaren amaieran, egin zen bigarren topaketa, Deban; 300dik gora lagun etorri ziren Reusetik eta guztira bi herrietako 20 eragilek baino gehiagok hartu zuten parte topaketan.

Osasun-pandemiak eragindako etenaldia gaindituta, aurten jarraipena emango zaio bi herrien arteko kohesioa indartu nahi duen egitasmoari, orain arteko bidean sortutako zubiak desagertu ez diren seinale.

Abuztuaren 13rako deituta dago hurrengo topaketa, Deban bertan, eta ekimenaren aurkezpen-jaia egin dute dagoeneko Reusen. Pasa den maiatzaren 14an, hain zuzen ere, Debako hitzorduaren nondik norakoak iragarri zituzten prentsaurrekoan, eta egun osoko egitarauarekin jantzi zuten agerraldia: bertako taldeen erakustaldiez gain, euskal kulturan esanguratsuak diren bestelako elementu batzuk ere presente izan ziren programazioan, hala nola bertsolaritza, musika, dantzak, euskal kirolak edo txalaparta.

Debako lantaldea martxan da

Abuztuaren 13an (larunbata) egingo da topaketa ofiziala eta reustarrek hainbat eguneko egonaldia egingo dute Deban. Data urrun ikusten bada ere, lanean hasiak dira dagoeneko Debako herri-eragileak ere; egitarauaren zirriborro edo proposamen bat ere eskuen artean daukate jadanik. Aurreikuspenen arabera, castells erakustaldia, erraldoiak, dantza emanaldiak, bazkari herrikoia eta bestelako ikuskizunak izango dira programazioaren baitan.

Lehen batzar irekia maiatzaren 18an egin zen, baina guztia txukun antolatzeko aurrerantzean ere bilera gehiago egingo direla iragarri dute. Hori hala, topaketan boluntario bezala lan egin edota ekarpenak egiteko prest dauden herritar guztiei dei egin diete datozen aste edo hilabeteetan egingo diren bileretan parte hartzera.