Abian da jaietan txupinazoa nork botako duen hautatzeko prozedura

Berriketan 2023ko eka. 1a, 09:00

Ekainaren 23ra arte egongo da abian 2023ko San Roke jaietako txupinazoa jaurtiko duen pertsona fisiko edo juridikoa hautatzeko prozedura; fase ezberdinetan egingo da hautaketa prozesua.

Debako Udalak jakinarazi duenez, fase ezberdinak egongo dira jaiei hasiera emango dien txupinazioa nork botako duen erabakitzeko prozeduran: hautagai-zerrenda proposatzea, hautagaitzak egiaztatzea eta hautatzea, bozketa eta emaitzak.

Deban erroldatutako pertsona fisikoek (16 urtetik gorakoek) edota herriko elkarte kulturalek eta gastronomikoek aurkez dezakete txupinazoa jaurtitzeko hautagai proposamena (pertsona fisikoek eta elkarte nahiz kolektiboek proposamen bakarra aurkeztu dezakete). Eta hautagaia proposatu nahi dutenek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute: proposatzen den pertsona fisiko edo juridikoaren izena, zein eremutan lan egiten duen, eta Deba herriari egin dion ekarpenaren memoria txiki bat.

Hautagaitzak egiaztatzea. Kultura Batzordeak izendatutako epaimahaiak egiaztatuko du aurkeztutako hautagaitzek oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen ote dituzten, eta ezarritako irizpideekin bat ez datozen proposamenak baztertu egingo dira.

Errekerimenduak betetzen dituzten proposamenen zerrenda uztaileko Kultura Batzordean aurkeztuko da; bertan, mahaian ordezkatuta dauden elkarteek eta kolektiboek (bakoitzeko bat) 5 hautagaitza aukeratuko dituzte.

Bozketa. Ekaineko Kultura Batzordean egindako aukeraketa kontuan hartuta, herri-bozketara pasatzea izango da hurrengo urratsa. Zerrenda hori udalaren web-orrian argitaratuko da eta, uztailean, herritarrek parte hartzeko epea irekiko dute. Deban erroldatutako eta 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.

Emaitza. Herri-bozketan boto gehien jasotzen duen pertsona fisikoa edo erakundea izango da San Roke jaiei hasiera emateko txupinazoa jaurtiko duena. Emaitza hori jaietako egitaraua aurkezten den egunean jakinaraziko da.

Bi proposamen irabazleren edo gehiagoren arteko berdinketa egonez gero, txupinazoa elkarrekin botatzea proposatuko da. Batzordean adostasunik ez badago, alkateak botako du San Roke jaietako txupinazoa.