9.000 eskaera baino gehiago jaso ditu Errigorak

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko api. 14a, 09:51

Eskutik eskura udaberriko kanpainarekin bat eginez, 120.000 litro olio eta 26.000 sorta edo lote eskatu dituzte Euskal Herriko txoko askotatik. Deban, maiatzaren 10ean banatuko dira produktuak.

Errigorako kideak pozik agertu dira udaberriko kanpainak izan duen harrerarekin. Guztira 9.000 eskaeratik gora jaso ditu euskara eta elikadura burujabetzaren aldeko ekimenak eta, hori hala, 120.000 litro olio eta 26.000 sorta edo lote banatuko ditu laster Euskal Herri osoan. Jakinarazi dutenez, laster iritsiko dira eskaerak herri ezberdinetara.

Mila esker eta zorionak Errigoraren Eskutik eskura kanpainarekin bat egin dugun guztioi! 9.000 eskaera baino gehiago jaso dugu aurtengoan. Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria ekoizpenaren eremuan pauso berriak emateko akuilu izango da”, nabarmendu dute ekimeneko arduradunek.

Eskariak gora gurean ere. Deban, 50 eskaera baino gehiago egin dira azken kanpaina honetan eta guztira 10.600 bat euroko ekarpena egingo zaio Errigorari (iaz baino %33 handiagoa).

Zuhatza Euskara Elkartearen babesa du ekimenak herrian; hori hala, elkarteko bazkideek produktuak Deban bertan jasotzeko aukera izango dute oraingoan ere. Maiatzaren 10ean egingo da banaketa, Aldats pilotalekuan (11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara).