50 parte hartzaile inguru batuko ditu Debako Gaztetxoen hiruko saskibaloi txapelketak

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko api. 14a, 12:57

Txapelketa larunbatean (apirilak 15) jokatuko dute, 10:00etan hasita, Debako kiroldegian. Zale guztiak bertaratzera eta harmailak betetzera gonbidatu dituzte.

Debasket Saskibaloi Klubak antolatutako txapelketa bi kategoriatan banatuta jokatuko dute eta bertan hamabi taldek parte hartuko dutela jakitera eman dute. Lau talde, 2013an eta 2014an jaiotakoen benjamin kategorian lehiatuko dira eta, gainontzeko zortzi taldeak, 2011n eta 2012an jaiotakoen kimu kategorian. Antolakuntzatik zehaztu dutenez, guztira 50 neska-mutilek parte hartuko dute txapelketan. “Nesken taldeak, mutilen taldeak eta mistoak ariko dira jokatzen, eta hiru eta bost kide artean izango dituzte taldeek”.

Txapelketa, gainera, pandemia aurreko formatura eta ohituretara itzulita jokatuko dute. “2020an eta 2021ean ez genuen txapelketarik antolatu eta 2022an antolatu genuena, aldiz, beste leku eta data batean jokatu genuen. Aurtengo txapelketa, aldiz, pandemia aurreko formatura eta ohituretara itzulita antolatu nahi izan dugu; hau da, kiroldegiko kantxan eta Pazko asteko larunbatean jokatuko dugu”.

Kiroldegiko kantxa bost zatitan banatuta jokatuko dute txapelketa. “Kiroldegian hiru alboko modulu daude eta gainontzeko bi saskiak erabilita, bost zatitan banatuta jokatuko dugu txapelketa”. Kategoria bakoitzean izena emanda dauden taldeek elkarren aurka ariko dira, eta guztiek 8 minutuko partida motzak jokatuko dituzte jarraian. “Bi minutuko atsedenaldia egongo da partida batetik bestera”.

Debasketeko kideek azpimarratu dute eskola mailan saskibaloia bultzatzeko eta indartzeko asmoz antolatu dutela txapelketa. “Saskibaloia hurbilagotik ezagutzeko aukera baliatuta, kirolzaletasuna eta parte hartzea sustatu nahi ditugu, lehiakortasuna alde batera utzita”. Hori dela eta, parte hartzaile guztientzat sariak egongo direla esan dute.