25 urteko ibilbidea egin du Txosna Batzordeak

Berriketan 2022ko abu. 4a, 11:00

Txosna Batzordeak, aurten 25 urte betetzen dituela eta, zenbait ekitaldi antolatu ditu; eta Katxalotek diseinatutako kamiseta eta poltsak ere atera ditu urtemugaren logoarekin. Larunbat honetan, abuztuak 6, izango da lehenengo ekitaldia, Txosna Batzordearen inguruko hitzaldia eta luncha izango baitira Gaztetxean 11:00etan; urteurreneko ekitaldi nagusia, dena den, abuztuaren 13an, larunbata, izango da, gaueko kontzertuen bueltan.

Txosnagunea eta bere egitaraua aurrera aterako dira Debako Gazte Asanblada, Presoen Lagunak, Zezenketen aurkako taldea, Debasket, Deba-Reus Komisioa eta zenbait norbanakoren ekimenez. Txosnetako txandak bete samar daude baina, batzordekideek gogorarazi dutenez, animatuz gero gustura eta esker onez egingo zaio lekua esku bat bota nahi duenari.

Berritasunik ere izango du aurtengoan txosnaguneak: batetik, bi txosna izango dira hiru beharrean, baina horietako bat aurrekoa baino handiagoa izango da; bestetik, bokatak beharrean pizzak izango dira iluntzean, eta lehen beste txosna bat zegoen lekuan afaltzeko mahai eta aulkiak jarriko dira orain.

Azkenik, Sare Feministak eraso sexisten aurkako protokoloa prestatu du, txosnagunea leku seguru izan dadin.