230 bat ikaslek parte hartuko dute Mendatak eta Zuhatzak antolatutako literatur lehiaketan

Urrian abiatu da Mendata ikastetxeak eta Zuhatza elkarteak elkarlanean antolatutako euskarazko literatur sariketa. Bi zikloetako 230 bat ikaslek hartuko dute parte aurtengo deialdian.

Martxan da institutuko DBHko bi zikloetako ikasleei zuzendutako sariketa. Oraingo honetan ere, irudi eta esaldi bat emango zaie ikasleei aukeran eta berau gaitzat hartuta sortu beharko dute sariketarako idazlana. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, lau kidez osatutako epaimahaia arduratuko da gazteen lanak baloratzeaz eta sariak abenduaren 1ean, Euskararen Egunaren bezperetan, ikastetxean bertan egingo den ekitaldian banatuko dira.

Berez, bi sari banatzen dira DBHko ziklo bakoitzean; liburu elektroniko bat jasoko dute opari lehenengo saria irabazten dutenek eta Arkatzan erabiltzeko 60 euroko opari txartela bigarren saria eskuratzen dutenek. Halaber, “aipamen berezia” ere lortu dute hainbat lanek azken urteotan.