2022-2025 Kulturarteko Bizikidetzarako Plana egin du Debako Udalak

Berriketan 2022ko aza. 25a, 09:45

Migrazio fluxuen ondorioz, azken hogei urteotan aldaketa demografiko eta sozial esanguratsuak izan dira EAEn eta, udal gobernuaren esanetan, “Debako herria ez da salbuespena izan eta pertsona etorkin atzerritarren etorrerak eragindako aldaketak nabarmenak izan dira hemen ere”.

Hori hala, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiaren eta Begirune Fundazioaren laguntzarekin, Debako Udalak “kultura-aniztasunaren kudeaketaren aldeko apustua” egin duela nabarmendu du. Udalerriko gizarte eragileekin eta migrazioen eta gizarte-ekintzaren arloan lanean diharduten herritarrekin bildu ondoren, prozesu horretatik jaio diren “Debako immigrazioaren gaur egungo egoeraren diagnosia” eta 2022-2025 Kulturarteko Bizikidetzarako Plana aurkeztu berri ditu jendaurrean.

Deban egindako diagnosian bildutako datuen arabera, udalerrian bizi diren pertsona guztien % 8,5 atzerrian jaio dira. Hortaz, ondorioztatu dute immigrazioa ez dela fenomeno puntual bat izan, prozesu estruktural bat baizik; azken hogei urteetan 450 pertsonatan handitu da jatorri atzerritarra duten herritarren kopurua.

Arreta pertsona horien ezaugarrietan jarriz gero, atera daitekeen ondorioa da lan egitera etorri direla gurera, herritar horien erdiak 25 eta 44 urte artean baititu (% 47,6). Jatorriari dagokionean, berriz, atzerrian jaio diren debar berrien gehiengoa (% 54,1) Latinoamerikan jaioa da –Nikaragua eta Bolivia dira jatorri nagusiak–.

Udalaren iritziz, “Debako auzotarren osaera gero eta askotarikoagoa den testuinguru honetan, Kulturarteko Bizikidetzarako Planak kultura-aniztasun gero eta handiago hori kudeatzea bilatzen du, immigrazioaren eta bizikidetzaren eremuko ekintza politikoaren etorkizuneko ardatzak ezarriz”. Planak datozen urteetan garatu nahi dituzten hogei jarduera biltzen ditu guztira bere baitan, lau lan eremutan banatuta.