Zerk animatu zintuen Kolore Anitzen izena ematera?
Txikitan udalekuetan parte hartzen nuen eta oso oroitzapen politak ditut; begiraleak erreferente gisa ikusten nituen eta horrek begirale izatera bultzatu ninduen. 2020an sartu nintzen taldean eta oso gustura nabil.
Zenbat kide zarete orain taldean eta nolako dinamika duzue gaur egun? Edonork parte har dezake?
Hamabi lagun aritzen gara Debako haurrei aisialdiaz gozatzeko aukera eskaini ahal izateko borondatez lanean. Herrian egiten diren ekintzetan begirale gisa aritzeko ez da titulaziorik behar, baina haurrekin aritzeko gogoa eta konpromisoa beharrezkotzat jotzen ditu taldeak. Aukera hau aprobetxatu nahiko nuke herriko gazteei Kolore Anitz-era batzeko gonbidapena egiteko. Ez dugu profil zehatzeko jendea bilatzen, adina edo ikasketak ez dira garrantzitsuak gogotsu etortzen baldin bazarete, eta ateak zabalik daude parte hartu nahi duen jende berriarentzat. Orokorrean, hiruzpalau bilera egiten ditugu ekintza bakoitza prestatzeko eta, horrez gain, herriko eragileekin biltzen gara bestelako barne mailako kontuak edo gestioak egin ahal izateko. Taldea une oro lotuta eta aktibo mantentzen saiatzen gara.
Zein adin tarteri begirako eskaintza lantzen duzue?
Ekintzak, oro har, Haur Hezkuntzako azken mailako haurrentzat eta Lehen Hezkuntzako haur guztientzat (LH1 – LH6) prestatzen ditugu. Hala ere, ekimenaren arabera adin-tartea zabaltzen dugu eta, horrela, Haur Hezkuntzako haur guztiek parte har dezakete.
“Aisialdiko jardueretan euskaraz mintzatzeko baliabideak eskaintzen jarraituko dugu”
Zeintzuk izan dira aurten egin dituzuen ekintza nagusiak?
Bizkaia Park Abentura-ra egindako txangoarekin abiatu genuen urtea eta otsailean inauteriak ospatu genituen, pista-jolasa eta txoko ezberdinak antolatuz. Udaberriko oporraldian, berriz, haurrek tailer ezberdinetan parte hartu eta gozatzeko aukera izan zuten. Maiatzean, Debarren Egunarekin batera, erraldoiak eta buruhandiak sortu genituen. Eta, azkenik, taldearen 10. urteurrena ospatzeko egun berezi bat antolatu dugu, pasa berri den irailaren 23an.
Eta aurrera begira zeintzuk dira aisialdi taldearen erronka, helburu, helmuga nagusiak?
Haurrei aisialdi hezitzailea eta euskaltzalea eskaintzea eta haurren hizkuntza ohituretan eragitea da taldearen helburu nagusia eta, hori kontuan hartuta, aisialdiko jardueretan euskaraz mintzatzeko baliabideak eskaintzen jarraituko dugu. Helburu horiek lortzeko, jolasa da gure oinarrizko bidea. Etorkizunera begira, ilusioz ekingo diegu urtez urte egiten ditugun jarduerei, eta, gainera, egun osoko irteera gehiago antolatu nahiko genituzke, baita gaua igarotzeko irteera bereziak ere. Era berean, aurrera begira, Kolorez Blai udalekuak itzultzea da gure asmoetako bat, eta horretarako lanean jarraituko dugu.
Nola ikusten duzue herriko euskarazko aisialdi eskaintza gaur egun? Zein ekarpen egin dezake Zuhatza Kolore Anitzek esparru horretan?
Herrian aisialdiaren eskaintza zabala dela esango nuke, baina Zuhatza elkartearen helburuetako batzuk euskara zaindu, bultzatu, erabili eta sustatzea diren heinean, Kolore Anitzen ere ildo horretatik jarraituko dugu lanean. Haurren euskararen erabilera bultzatzea eta aisialdiaz gozatzea da gure helburua, euskarak aisialdian eta kalean lekua baduela uste dugulako.