Zabalik da Gabonetako III. Balkoi, Leiho eta Fatxada Lehiaketan eta I. Erakusleiho Lehiaketan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala 2025eko abenduaren 2a

Abenduaren 23ra arte egongo da zabalik bi lehiaketetan izena emateko epea. Debako Turismo Bulegoan (10:00etatik 14:00etara), telefonoz 943 19 24 52 zenbakira deituta, posta elektronikoz turismoa@deba.eus helbidera idatzita edo horretarako prestatutako online formularioaren bidez eman daiteke izena. Sariak urtarrilaren 3an banatuko dituzte, Urte Berriko Azokako gainontzeko sariekin batera.

Gabonak iristear daude eta Debako Udalak herria apaintzeko bi lehiaketa jarri ditu martxan, herritarrak eta tokiko merkataritza parte hartzera animatzeko. Aurten, Hirugarren Gabonetako Balkoi, Leiho eta Fatxaden Lehiaketa egingo da, eta lehen aldiz Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa ere antolatu dute, merkatariei eta establezimenduei zuzenduta.

III. Balkoi, Leiho eta Fatxaden Lehiaketa

Lehiaketa honen helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea eta kaleetan giro berezi bat sortzea Gabonetan. Parte-hartzea doakoa da eta izena emateko epea abenduaren 23ra arte egongo da zabalik. Interesdunek Turismo Bulegoan (10:00etatik 14:00etara), 943 19 24 52 telefonora deituta edo Internet bidez eman dezakete izena, formularioa beteta.

Halaber, apaindutako balkoiaren argazkia turismoa@deba.eus helbidera bidali beharko da. Apaindutako elementuek ikusgai egon beharko dute urtarrilaren 6ra arte eta ez dute oinezkoen pasabidea oztopatu behar.

Epaimahaiak diseinua, originaltasuna, material birziklatuen erabilera eta ohiko elementu tradizionalen presentzia baloratuko ditu. Gutxienez bost etxebizitza parte-hartzaile behar dira lehiaketa aurrera eramateko. Aurten, nobedade gisa, sariak tokiko establezimenduetan gozatzeko esperientzietan oinarrituko dira, 2026an zehar erabili ahal izateko.

  • Lehen saria: bi pertsonentzako gau bat Hiru Uhinak hotelean, gosari buffet-a eta sparako sarbidea barne.

  • Bigarren saria: bi pertsonentzako bazkaria Calbeton jatetxean, 150 euroko balioarekin.

  • Hirugarren saria: bi pertsonentzako brunch-a eta sparako sarbidea Hiru Uhinak hotelean.

 

I. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa

Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa berria Debako saltoki eta ostalaritza establezimendu guztiei zuzenduta dago. Helburua da tokiko sektorea babestea, kontsumoa sustatzea eta herriaren irudia hobetzea Gabonetan.

Izena emateko epea abenduaren 23an amaituko da. Parte-hartzea online egin daiteke (https://labur.eus/erakusleiholehiaketa), baita Turismo Bulegoan, telefonoz edo turismoa@deba.eus helbidera idatziz ere. Gainera, apaindutako erakusleihoaren argazkia epe barruan bidali beharko da helbide elektroniko horretara.

Epaimahaiak honako irizpideak baloratuko ditu: diseinua, originaltasuna, material birziklatuen erabilera, gaiaren lotura Gabonekin eta tokiko kontsumoaren sustapena. Erakusleihoetan erabilitako testuak gutxienez euskaraz egon beharko dira; beste hizkuntza batzuk ere erabil daitezke, baina euskarari lehentasuna emanez.

Erakusleiho lehiaketan honako sariak egongo dira jokoan:

  • Lehen saria: BARE bonua Hiru Uhinak hotelean gozatzeko.

  • Bigarren saria: bi pertsonentzako bazkaria Urgain jatetxean, 200 euroko balioarekin.

Bi sariak 2026. urtean zehar gozatu ahal izango dira.

Bi lehiaketei dagozkien sariak urtarrilaren 3an banatuko dituzte, Urte Berriko Azokako gainontzeko sariekin batera.

Udalak herritarrak eta establezimenduak ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu, Gabonetako giro berezia sortzen laguntzera animatuz.