1950eko hamarkada: Garai bateko Miramar hotela

Erabiltzailearen aurpegia Argazki zaharrak 2025eko azaroaren 7a

Salegui familiaren jabetzakoa zen Hotel Miramar zaharra erakusten digu 1950eko hamarkadaren hasieran ateratako argazkiak; ziur aski, Hilario Allica da egilea. 1935ean Manuel de Cardenas arkitektoak Restaurante Miramar jatetxea hartuko zuen solairu bakarreko eraikina egin zuen bertan. Eta gerora, 1941ean, eraikin hori birmoldatu egin zuen, bere seme Gonzalorekin batera. Aita-semeek solairuak gehitu zizkioten hasierako eraikinari eta hotela, jatetxea eta zinema egin zituzten bertan.

Estilo arrazionalista eta kutsu nautiko nabarmena zituen hotelak; itsasontzi baten zubiaren antza zuen eta halako ontziek hain berezkoak dituzten idi-begiak (leiho txiki biribilak) zituen, baita masta eta lema handi bat ere teilatuan. Kanpoaldean, jatetxeari publizitatea egiten zion sukaldari baten irudia ageri da, "On parle française" zioen kartelarekin batera. Ezkerreko aparkalekuan kapotarik gabeko auto eder bat ikus daiteke eta terraza jendez beteta dago.

Zoritxarrez, Gipuzkoako arkitektura arrazionalistaren eraikinik ederrenetakoa 1961ean eraitsi zuten. Lursail berean hotel berri bat eraiki zuten gero eta hura ere bota egin zuten 2011n, berrogeita hamar urtez zerbitzua eman ondoren.

Alex Turrillas Aranzeta