Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu bihar (azaroak 1), Itziarko azokaz gozatu nahi duten pertsonek modu jasangarri, eroso eta seguruan egin dezaten. Hala adierazi du Azahara Dominguez diputatuak, eta jakinarazi du zerbitzu bereziak egongo direla Deba, Itziar eta Zumaia artean.
Debatik 09:30ean, 10:30ean, 11:30ean, 13:00etan eta 14:00etan abiatuko dira autobusak, 15 minutu geroago Itziarrera iritsiko dira eta 15 minutu beranduago Zumaiara. Kontrako norantzan, irteerak 10:00etan, 11:00etan, 12:30ean eta 13:30ean izango dira Zumaiatik. Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 30 03 40 telefono zenbakira deituta kontsultatu ahal izango dira. Lurraldebusek ohartarazi du geraleku bakarra egingo dutela autobusek, Itziarko Hostalaren parean.
Beste urte batez, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute feriaren antolatzaileek, ibilgailuen pilaketak saiheste aldera. Gogorarazi dute Txitxarroko aparkalekua irekita egongo dela; beraz, bertan laga beharko dituzte kotxeak, handik doako autobusean gerturatzeko herrira.