Hirigintza-proiektuak
Udazkenean eta neguan zehar Deba-Itziarren egin diren partaidetza-tailerretan, herriko azpiegiturak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Gainera, martxan dauden edo etorkizun hurbilean martxan jarriko diren proiektuen berri ere izan dugu.
Etxebizitza berrien eraikuntzaz gain, badaude interes handia duten hainbat proiektu herriaren biziraupenerako garrantzizkoak izan daitezkeenak: lehenik, “Deba paleolitoaren harana” izeneko interpretazio-zentroa (Geoparkearen eta Udalaren eskutik); bigarrenik, trenbidea eta zumardiaren zaharberritzea (geltokia lekualdatzea eta sarrera-irteerak egokitzea, eta, zumardia erabat berriztatuko duen lehiaketa bidezko plan integrala); eta, azkenik, hondartzako pasealekua eta Kresalaren etorkizuna.
Azken horren inguruan hainbat ideia bildu ziren: hotela, zahar-egoitza, edo funtzio anitzeko kultur etxea izan dadin. Azken proposamenaren aldeko apustua egingo nuke nik, herrian bizi eta lan egin nahi duenak horretarako aukera izan dezan. Bertan uztartu daitezke, izan ere, interpretazio-zentroa, kultur etxea, liburutegia, erakusketa-gela, ikuskizunetarako aretoak, coworking-erako gelak, taberna eta jantokia; baita igerilekua ere, nahi izanez gero.
Etxebizitza berriak eta hotela eraikitzen ari dira, bai, norentzat, ordea? Turistentzat eta uda pasatzera datozenentzat. Baina horiek aldi baterako biztanleak dira, ez dute egonkortasunik bermatzen.
Biztanleak galdu nahi ez baditugu, erakargarria den zerbait egin beharko dugu.