Herri-baratzea
Gipuzkoako Baratze Parke Sarea 2013an jarri zuen martxan Ekoguneak eta dagoeneko 22 baratze ditu lurralde osoan sakabanaturik: Donostialdean, Goierrin, Oarsoaldean eta Urola bailaran. Debabarrenean, aldiz, ez dago Ekogunearen herri-baratzerik, eta Debagoienean Elgetakoa da bakarra. Horrelako ekimenak, alegia, herri-baratzeak eta baratze komunitarioak, mundu osoan zehar egiten dira eta, horrela, bizitza eredu jasangarri baten aldeko apustuari erantzuna ematen diote.
Aipagarriak dira ondorengoak: herritar guztiei zabaldutako gune berdeak dira, autokontsumorakoak, modu ekologikoan ekoiztutakoak, eta auzolana eta gizatalde ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzen dutenak. Deban bizilagunen aldetik harrera ona izango luke era honetako ekimen batek. Sare honen parte izateko Udalaren parte-hartzea ezinbestekoa izanik, arestian egindako eskaerei erantzun bat emateko, eta ekologia eta lurraren ekoizpen jasangarri baten alde egiteko eskatu nahi diot Udalari. Ekogunearen baratze-sarea adibide gisa hartu eta hori ez den beste eredu bati jarraitu nahi izanez gero ere, hala bedi!
Lurra lantzeko ez da lur-jabe izan beharrik, eta udalerri honek badu herritarren esku jartzeko nahikoa landa eremu. Gainera, Debako gazte jendeak ederki aprobetxatuko luke herri-baratzea. Gazteak bertan bizi nahi izatea bilatu behar dugu, eta horretarako ezinbestekoa da haiei bideratutako ekimenak sustatzea.