Aztarnak

Irulegiko Eskua aurkitu zuen emakumeari malkoak atera zitzaizkion berak kontu handiz ateratako brontzezko xaflan idatzitako mezu bat zegoela jakin zuenean. Emozio hau ulergarria da, izan ere, gu baino lehenago bizi zirenen mezu bat gordetzen du esku horrek.

Guraso eta aitona-amonen bizitzen pasarteak ezagutzen ditugu, haiek kontatu dizkigutelako, eta hauen aurrekoen bizitza historia irakurriz irudikatu dezakegu. Baina idazkera sortu aurretik milaka urtetan nola bizi izan ginen jakiteko modu bakarra daukagu; aztarnak interpretatzea.

Deba bailaran aurkitu den historiaurreko ondare garrantzitsua azaldu berri dute Xabier PeƱalver, Jose Antonio Mujika eta Asier Gomez arkeologo eta paleontologoek Kultur Elkartean eskainitako hitzaldian. Arpoiak, suharrizko ijelkiak, ebakigailuakā€¦ harrizko eta hezurrezko tresna ugari aurkitu dituzte gure herriko arkeologia aztarnategietan, gure arbasoen bizitzen berri ematen digutenak. Naturak eskaintzen zuena ehizatuz, arrantzatuz eta bilduz bizi ziren, beste taldeekin harremanetan, beti mugimenduan.

Gure bizimodua asko aldatu den arren, oinarrian berdinak izaten jarraitzen dugu. Eta asko gustatzen zait imajinatzea orain gu bizi garen lurretan duela 200.000 eta 10.000 urte bitartean, emakume eta gizonak bizi zirela, guk bezalako pasioak eta beldurrak zituztenak. Haiek hainbat klima aldaketa, izurrite eta goseteri aurre egin zieten bezala, guk ere datorkigunari aurre egingo diogula espero dut.

“Izan zirelako gara, eta garelako izango dira”.