5G

Datuen kontsumo-igoerari aurre egiteko, badatorkigu mugikorren bosgarren belaunaldia. Gauzen interneterako bultzada izango da, eta etengabeko konexioan diren milaka gailu konektatzea ahalbidetuko du. Makinak, tresna elektrikoak, etxeak, enpresak… konektatu daitekeen edozer hiri-herrietara konektatuta.

4Ga baino hamar aldiz azkarragoa; atzerapen gutxiko eta erantzun azkarreko sarea. Berlinen dagoen mediku batek Dubaiko operazio bat gidatu ahalko du momentu errealean. Inteligentzia artifizialaren bultzada izango da (ibilgailu autonomo, dron eta robotikaren garapena, besteak beste).

Horretarako, ordea, konexio-puntu gehiago jarri beharko dira, milaka antena berri, eta gailu berriak erosi. Eta horrek irrati-uhinen erradiazio elektromagnetikoak gehitzea ekarriko du. Ez omen dago kaltegarriak direla baieztatzen duen ikerketarik; badauzkat nire dudak.

Gizartea, pertsonak, gailuak… dena “konektatuta” eta “kontrolpean”, konforme al gaude horrekin?

Etorkizunean eragin elektromagnetikorik gabeko eremuak izango dira estimazio gehien izango dutenak. Datuak “off” moduan jarri eta naturan murgiltzea izango dugu onena horretarako aukera dugun bakoitzean.

Aurrerapen teknologikoa beharrezkoa da, baina erabil dezagun sortzaile izateko eta ez kontsumo soilerako. Gainera, badakigu gizakia ze aldrebesa den boterea eta dirua lortu nahi dituenean; ezagun ditugu espioitza, hackerrak, big-dataren erabilera ankerra eta abar.

Kontuz eta adi ibili gero!