"Eskerrik asko 27 urte hauetan Berriketan egin duzuen guztioi"

Berriketan 2025eko abenduaren 2a

Hogeita zazpi urtez etenik gabe argitaratu da Berriketan, baina azarokoa izan du azken zenbakia hilabetekari gisa paperean. Erredakzio taldeak eta Zuhatza elkarteko zuzendaritzak urte guztiotako ezinbesteko ekarpena eskertu nahi die proiektu honen garapenean beren aletxoa jarri duten guztiei. Era berean, Barrena proiektua "denon eskura eta denon beharrei erantzuteko prest" egongo dela gogorarazi dute.

"Zer den nork daki? Tipitaki-tapataki, nik bai, badakit". Titular hori zeraman 1998ko abuztuan kaleratu zen Berriketan-en lehen zenbakiaren azalak. Erraz esaten den arren, hogeita zazpi urte joan dira ordutik eta 300dik gora ale argitaratu ditu aldizkariak ibilbide honetan (azarokoa 311. zenbakia izan da).

Urte guztiotan, baina, aldaketa handiak izan dira bai jendartean, bai komunikazioaren arloan. Eta euskarazko tokiko hedabideek egoera berrietara egokitzeko ahalegina egin dute. Berriketan ez da salbuespena izan. Aro ezberdinak eta askotariko aldaketak izan ditu ibilbidean, bai lantaldean, bai edukietan, bai edizio sisteman, bai formatuan, bai diseinuan... Egiteko moduak aldatu dira funtsean, baina bada konstante bat komunikabidearen egitekoan; euskara sustatzeko bitarteko gisa jaio zen Berriketan, herriko kontuen eta bizitzaren lekuko izateko asmotan, eta ez du aldaketarik izan helburuetan.

Amaigabea da hogeita zazpi urteko historian hedabideak bidelagun izan dituen Debako eta Itziarko herritarren eta eragileen zerrenda. Denak izan dira beharrezko, denek sortu, elikatu eta egin dute Berriketan

Amaigabea da hogeita zazpi urteko historian hedabideak bidelagun izan dituen Debako eta Itziarko herritarren eta eragileen zerrenda. Hor daude artikulu egileak, iritzi emaileak, elkarrizketatuak, argazkilariak, publizitatea lotu eta iragarkiak jarri dituztenak, maketatzaileak, aleak banatzen lagundu dutenak... Ahaztu gabe, noski, ezinbesteko irakurleak. Zalantzarik gabe, denak izan dira beharrezko, denek sortu, elikatu eta egin dute Berriketan.

Horiek horrela, komunikabidearen erredakzio taldeak eta elkarteko zuzendaritzak urte guztiotako ezinbesteko ekarpena goraipatu eta eskertu nahi die modu batean zein bestean proiektu honen garapenean beren aletxoa jarri duten guzti-guztiei. Era berean, Barrena "denon eskura eta denon beharrei erantzuteko prest" egongo dela gogorarazi dute.

Debako eta Itziarko aktualitatea herritarrei helarazteko erronkak ez du etenik izango, baina hilabetekariak azarokoa izan du azken alea paperean eta datozen asteotan ikusiko ditugu berriketan.eus-en azken albisteak ere. Izan ere, abendutik aurrera ikusiko du argia bihar Deban aurkeztuko duten Barrena komunikazio proiektu berriak. Periodiko formatuko Barrena astekariak eta Barrena.eus webgune bateratuak hartuko dute lekukoa eta, aurrerantzean, bertan eskainiko dute eskualdeko eta herrietako informazioa.

Elkarrekin

Euskarazko hedabideen loraldia 1980ko hamarkadaren bukaeran eta 1990ekoaren hasieran eman zen Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Debabarrenean ere. Bidean dena ez da erraza izan, ordea. Eskualdeko herrietan ondo errotuta dauden arren, egitura txikiak izanik, tokiko hedabideek zailtasunak izan dituzte, adibidez, beharrei erantzuteko eta aukera berriak aprobetxatzeko. Horiek horrela, urteak pasatu ahala jabetu dira Debabarreneko komunikabideak elkarlana dela bidea.

Elkarlan horren fruitu da, hain justu, Barrena proiektua. Elkarrekin jarraituko dute bidea urratzen aurrerantzean, egitura eta lantalde bakar batean antolatuta. Dena den, helburua ez da herriz herriko produktuak kaleratzeari uztea eta soilik eskualde mailakoak sortzea. Alegia, orain arte bezala, bi izango dira komunikazio proiektuaren ardatzak: tokiko informazioa eta euskara.